Hazpeitin eta leku gehiagotan

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2017ko mar. 8a, 17:05

Sinberguentzako zubia aipatzeaz gain aizube, aizube, ekarri al dezube erlojube? eta antzekoak esaten zizkiguten azpeitiarrek urrestildarroi harrera edo agur umoretsu edo burlatia egin nahi zigutenean. Nola matxinbentatarrek, Goierrirekin dugun muga hortakoek, etxeen, laneen eta horrelakoak esaten zituzten, klik eta klok errealbiko karamelook esaten genien harla-burlaz. Gure garaiko aratzerrekatarrek frantsesek bezala ahoskatzen zituzten erre guztiak, ege, egeka, agdo... Gaur, eskolak Azpeitian kontzentratzearen poderioz, galduta daude hizkerako ezaugarri horiek ume eta gazteen artean.

Min ematen dit Urrestillako sanjoanetarako gure herriko gazteek egiten dituzten karteletan nola egiten dieten ihesi euskara idatziaren arauei. Pelota partidue eta horrelakoak jartzen dituzte karteletan. Dirudienez, ez gauzak behar bezala egiteko alperrez, herri hizkeran edo hizkera adierazkorragoan egiteko uste eta asmotan egiten dute. Nik, agure kaskailu honek, nire artean pentsatzen dut, eta bakarren bati esan ere, hori ez dela Urrestillako euskara, izatekotan ere pelota partiube beharko lukeela, Urrestillan "betidanik" esan izan den bezala.

Uste dut zabaldu den ustea, okerra nire iritzian, euskara arautuak edo akademikoak, nazioaren eta naziotarren euskarak, ez duela aski indarrik azpeitiarrez pentsatua indar berdinez adierazteko, euskara batua funtzionarioen tresna fosil bat eta pedantekeria literariorako tresna bat besterik ez dela. Ahaztu egiten da euskara batua medio ugaritu eta koalifikatu dela euskal hiztuna, baita Azpeitian ere; euskara batua izan ez balitz ez lukeela euskaraz hitz egingo azpeitiarren hamarrenak ere. Euskara batuaren dohaintza dira Agirre, Aldai, Altuna, Aristi, Borda, Gorrotxategi, Murillo, Otamendi, Segurola eta, ez borondate txarrez, ahazten ditudan hainbeste idazle azpeitiar. Gezurra dirudien arren Azpeitiko egungo bertsolaritza ere hizkera batuari esker gauzatu da. Esango nuke azpeitiarrek euskara batuan egin dietela ekarpenik duin eta oparoena euskarari.

Foro batean aztertzekoa

Ondorioz, kosta egiten zait Azpeitiko euskararen izeneko zenbait ekimen ulertzea, eta "Azpeitiarra eta batuan artien ein nahi deu bereizketie, ez azpeitiarra eta beste euskalkiyen artien" bezalakoak onartzea. Ez diet zintzotasunik ukatuko, ez eta errakuntzarik ere, hanka sartze kaltegarri bat bezala ikusten ditut. Bistan dauzkagun eredu horiek, dudarik gabe, azpeitiarrak dira baina Azpeitiko euskara, izatekotan, beste bat litzateke dialektorik isolatuenean eginda ere.

Ez nuke inor haserretu nahi. Esateko asko dago. Zergatik ez eztabaida sosegatu bat ireki honetaz, foro lasai bat.

 

(2017ko otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide