Kadete mailako Euskadiko eta Gipuzkoako altuera jauziko txapelduna da Naroa Muñoz (Azpeitia, 2002). "Pozik" dago lortutako dominekin.
Zenbat metro saltatzea lortu duzu?
1,52 metro. 1,55 saltatzen saiatu nintzen, eta hori saltatu izan banu, Espainiako txapelketara igaroko nintzen. Probatu nuen, baina ez nuen lortu. Pena pixka bat dut horregatik. Aurtengo helburu bat jarri nion nire buruari: 1,50 saltatzea. Eta hori lortu dut.
Nola entrenatzen zara?
Berez, altuera jauzia pistan entrenatzen da. Baina Azpeitian ez dago pistarik, eta hori desabantaila da, tartan lurrean hobeto saltatzen baita. Kiroldegiko areto batean egiten ditugu entrenamenduak, eta erabiltzen ditugun koltxonetek ez dituzte behar bezalako neurriak. Horregatik, atzeraka ezin izaten dut ondo saltatu. Imajinazio pixka batekin moldatzen gara. Txapelketetan ez zidaten sinesten horrela entrenatzen genuenik; bakarrak ginen.
Euskadiko lehena izan zara, eta pistan entrenatzen ez duen bakarra. Meritu bikoitza, hortaz.
Bai, beno. Entrenatzaileak hori esaten du.
Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.