Martxoaren 25ean Azpeitian ospatuko dute Flashback Festa, Gipuzkoako jubilatuen topagune izango dena. Azpeitiko Udalak, Baigera Azpeitiko Pentsiodunen eta Jubilatuen Elkarteak eta Luadinn Mondragoi Unibertsitateko ikasle elkarteak elkarlanean antolatu dute egun guztiko egitaraua. 300 lagunetik gora etortzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Egun guztia hartuko du topaketako egitarauak: Loiolako Santutegian eta herrigunean bisitak izango dira goizean, txandaka. Ondoren, kantu jira egingo dute herriko tabernetan. Eguerdian, bazkaria izango da Izarraitz frontoian. Bazkalostean, berriz, Izarraitz frontoian jarraituko du festak, bingoa, dantzaldia eta karaokearekin.
Uxue Barrenetxea Luadinn elkarteko kidearen esanetan, "toki aproposa" iruditu zitzaien Azpeitia jubilatuen topaketa bertan egiteko, "irisgarritasunagatik, batez ere". Estitxu Elduaien Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, ekimenaren bidez ikusarazi nahi da jubilatuak ere pertsona aktiboak direla. Era berean, inguruko herritarrek Azpeitia ezagutu dezaten eta herriko ostalaritzan eta merkataritzan eragiteko aukera aproposa dela adierazi du.
Egun guztiko ekimenean parte hartu nahi duten azpeitiarrek 26 euro ordaindu beharko dute. Bazkarira bakarrik joan nahi dutenek, berriz, 23 euro. Azpeitiarrak ez diren jubilatuentzat prezioa 33 eurokoa izango da. Parte hartu nahi dutenek Azpeitiko Turismo Bulegoan edo Baigera Azpeitiko Pentsiodunen eta Jubilatuen Elkartean eman beharko dute izena, martxoaren 15a baino lehen.