250 urte bete ziren iazko apirilean Azkoitian eta Azpeitian gariaren matxinada bezala ezagutzen den altxamendua lehertu zela. Gariaren eta artoaren prezioak igotzeak eta beste zenbait arrazoik eragin zuten herri xehearen altxamendua, garai hartako jauntxoen aurka. Gertakaria ezagutzeko hainbat jarduera egin ziren iaz bi herrietan: hitzaldiak, erakusketak…
Horrekin jarraituz, ibilaldi gidatua antolatu dute aurtengorako, Egurbideko olatik (Azkoitia) abiatu eta Azpeitian amaituko dena, '1766ko matxinada' kalearen izendapenarekin. Matxinada hartan zeresana izan zuten eraikinak eta txokoak bisitatuko dituzte, orduko gertakariak ezagutuz.
30 lagunek egin ahal izango dute gehienez ibilaldia, eta parte hartzeko izena eman behar da azpeitikokulturmahaia@gmail.com e-postara idatzita edo 688 895 472 zenbakira deituta. Autobusa egongo da ibilaldiko leku aldaketak egiteko.
Ibilaldia laguntzeko eginiko esku-orria banatuko zaie parte hartzaileei, baita Udalak ateratako 1766. urteko matxinada Azpeitian. Arrazoiak eta garapena Ildefonso Gurrutxagaren liburuxka ere. Apirilean, esku-orri horiek eskuragarri jarriko dituzte turismo bulegoetan.