Azpeitiarron hiztegia gizentzen

Geroz eta ekarpen gehiago ari da jasotzen Azpeitiarrez natul egitasmoa. Orain, gainera, herriko kafetegi eta tabernetan ere itxulapikoak jarri ditu Natulek, herritarrei bururatutako hitz eta esamoldeak jasotzeko.

Oraingoan ere hitz politez jantzi dugu gure hiztegia. Andapandangun ibili, anteronak ein, drixken ibili, kuxidadie, malahostiye, sakapezulue, txofertu, zankeletero… eta beste hainbat. Gure memoriaren txoko batean erdi-ahaztuta geneuzkanak batzuk, ezagutzen ez genituenak beste batzuk, erabili bai baina bereziak zirela konturatu gabe geundenak beste batzuk… Oso pozik jaso ditugun ekarpenak guztiak.

Era askotako ekarpenak jasotzen ari gara. Lagun batzuk hitz bat bururatu ahala bidaltzen digute, beste batzuk pentsatzen eta bila aritu ondoren hitz sorta bat bidaltzen digute eta badira koadrilako afari bat egin ondoren bildu eta hitz zerrenda jator eta umoretsuak bidaltzen dizkigutenak ere. Bejondeizuela denoi! Gu benetan gozatzen ari gara.

Gogoratu hiztegia ikusi edo ekarpenak egiteko gure webgunera jo dezakezuela.

Eta hainbat taberna eta kafetegitan ere itxulapikoak jarri ditugu eta horietan ere bota ditzakezue bururatutakoak martxoaren 24a arte.

Eskerrik asko eta segi horrelaxe!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide