33 urte bete ziren joan den asteazkenean, martxoaren 22an, Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela Espainiako Poliziak Pasaiako badian.
Pasaiako segadan hildakoak gogoan, aurten lehen aldiz, Pasaiako segada gogoraratzeko egitasmoak Iruñera ere eraman dituzte, Txapasen eta Peluren sorterrira. Hala, gaur, zapatua, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek, Iruñeako udaletxearen aurrean, 18:30ean. Pasaiako segada argitzea eta haren auzia ez artxibatzea eskatu dute.
Urtero, martxoaren 22an egin ohi duten legez, iragan asteazkenean Enparan dorretxearen atzeko zelaian jarritako monolitoaren bueltan elkartu ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren senitartekoak eta hainbat herritar, lore eskaintza egiteko.
(Argazkia: Sortu)