Genetikoki erdi-xapo, erdi-aker, baina non jaio zalantzarik ez nuen. Azpeitian jaiotzeko ohorea izan eta Donostiara joan? Ez, ama, ez... ni etxean, Atxuian, Azpeitian. Eta Valentinari esker, orduan komadrona eta orain emagin, mutil rubio eder askoa, azpeitiar peto-petoa jaio zen. Eta badakizue, rubio mozkote hura hazi zenean, lanera joan eta Atotxako ateak nork ireki zizkion? Valentinaren suhiak, Kororen senarrak, Ikerren aitak, Iñaki Sarriegi on puskak. Ezer esan gabe, berehala jabetu zen kapitainaren herrikoa nintzela. Halakoa da bizitza.
Amaitzeko, bi kontutxo. Zenbat ote gara, geure erabakiz, herri kontsultarik gabe, herrian, eta zer herritan, Azpeitian, jaio garenak? Eta bestea, historia osoan hain miserable izan garen gizonak, saia gaitezen gure herria emetzen. Izenez eta izanez, emeki-emeki, perfekziotik gertu dagoen herria are osoagoa eginez. Pentsatzen hasita, imajinatzen duzue alkatea, erretorea eta medikua, hirurak emakumezkoak dituen Azpeitia? Eta zergatik ez!
(2017ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)