Ohituta gaude goizero-goizero halako albisteak entzutera. Autoak ematen dizu patxadaz pentsatzeko aukera, errepide erdiko lerro zuriak atzean utzi bitartean. Burura etorri zait duela aste batzuk nola hitz egin zuten Begoña Huartek eta Amaiur Martinez ekintzaileek, Sanagustin kulturgunean. Greziako errefuxiatuei laguntzen dabiltza haiek, eta gogorarazi ziguten Europan ere badirela Trump batzuk. "Egunero hiltzen gara hemen", jarri zuen Martinezek errefuxiatuen hitzetan. Ekintzaileek azaldu zuten bidaia bat hasten dutela errefuxiatuek, nolabait, heriotzari ihes egiteko. Dena den, bukatu ezinezko heriotza prozesua aurkitzen dute. Gudara itzuli nahi zutenak ere ezagutu zituzten, nahiago zutelako hil aurretik bizi, hilez bizitzea baino. Halakoetan galdetzen diogu geure buruari noiz utzi genion pertsona guztiak berdin ikusteari, eta noiz onartu genuen egoera hori "normala" dela. Halakoak pentsatzen ditugu errepideko marra zuriak igaroz, geure autoan eserita goazen bitartean.
AEBetatik at begira ere, ez dirudi europarrentzat lehentasunezko gaia denik errefuxiatuena. Espainiako estatura begira ere jar gaitezke: hedabideetan dagoeneko indarra galdu dute Ceutako harresian gertatzen direnek. Eta hori ere bada harresia. Hor ere oso banatuta daude "haiek eta gu", eta pertsona guztiek ez dute berdin balio. 6.400 pertsonak igaro zuten Ceutako hesia 2016an. Bidaia luzea eginda, goseak eta beldurrak akabatzen, baina lehen unetik, gaizkile gisa. Gehitu horiei bidean gelditu zirenak. Hori ere ez dabil oso urrun Trumpengandik.
"Ezagutzen ote dut?"
Autoan jarraitzen dut, istripu bat tokatu zait aurrean. Larria dirudi, eta ilarak sortzen ari da. Oraindik Azpeititik nahikoa hurbil nabil, eta beti sortzen da halako kezka bat: "Ezagutzen ote dut?". Hogei minutu geldirik. Irratian, hain justu, istripuaren berri: jatorri marokoarreko bi lagunek istripua izan dute GI-2634 errepidean. Hasperen egin dut, urrunago ikusi dut istripua. Etxekoekin eta lagunekin oroitu naiz, eta lasaitu egin naiz. Baina autoan nagoela, buruari bueltaka, pentsatu dut nire jokabide hau ere ez ote den, errepideko marra txuriak pasatu ahala, horren begi kritikoarekin so egin diodan jarrera. Pentsatu dut hori ere ez ote den "haiek eta gu" eta hori ere ez al den Trumpen ildoko sentimenduren bat. Horren zintzo eta koherente ere ez naiz.
Lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke Elkar-ekin taldeko kideek egiten duten lana eskertzeko. Azpeitiko plazara halako gaiak ateratzeagatik eta eragile lana horren txukun egiteagatik. Denentzako ari zarete lanean.
(2017ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)