Zabalik dago Elkarbidean programan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko api. 6a, 13:39

Programak aukera berdintasunean bidaiak egiteko aukera eskeintzen die desgaitasuna duten pertsonei. Bost bidaia antolatu dituzte udarako, eta Saloura, Munichera, Calpera eta Marina D'orrera joateko aukera izango da. Izen-ematea Gizarte Zerbitzuen bulegoan egin behar da. 

Desgaitasuna duten pertsonek aisialdiaz aukera berdintasunean gozatzeko, Elkarbidean programa antolatu du Elkartu Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak, udarako. Bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Egitasmoaren helburua da desgaitasuna duten pertsonek aukera berdintasunean gozatzeko duten eskubidea bermatzea. Horretarako, beraien desgaitasun fisiko, organiko edo sentsorialaren ondorioz beste modu batean ezin izango luketen pertsonei bidaiatzeko aukera ematen diete. Hala, gizarte inklusiboago batean jarduera sozial eta kulturaletan parte hartzea sustatu nahi dute Elkarbidean Programarekin. 

Datorren udan, bost bidaia egingo dituzte, eta Saloura, Munichera, Calpera eta Marina D'orrera joateko aukera izango dute programarekin bat egiten dutenek. Calpera ekainaren 3tik 17ra joango dira; Saloura bi irteera egingo dituzte, uztailak 1etik 15era aurrena eta abuztuak 12tik 126ra bigarrena; Munichera uztailaren 30etik abuztuaren 6ra joango dira. Marina D'orrera zertxobait beranduago egingo dute irteera, irailaren 24tik urriaren 8ra. Egonaldiak hotel irisgarrietan egingo dituzte eta joan-etorriak autobus egokituan. Horrez gain, laguntzeko pertsonala eta bidaia asegurua ere izango dute programan izena ematen dutenek.

Mugikortasun murriztua edota behar bereziko egoerak dituzten pertsonek lehentasuna izango dute plaza eskuratzeko orduan. Elkarbidean programan izena eman nahi duten herritarrek Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoan egin behar dute izen-ematea. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide