Zubietako erraustegiko lanetan ez ezik, Anoetako estadioa birmoldatzeko proiektuan ere hartuko du parte Altuna y Uria Azpeitiko eraikuntza enpresak. Gaur zortzi sinatu zuten erraustegia egiteko kontratua Altuna y Uria tarteko duen enpresa taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta joan den ostiralean jakinarazi zuen Donostiako Udalak, hiriburuko futbol zelaia berritzeko eta handitzeko proiektuaren lehendabiziko lanak Altuna y Uria eta Moyua eraikuntza etxeek osatu duten aldi baterako enpresa taldeak egingo dituela; erraustegiko lanak egingo dituen enpresa taldean ere badago Moyua.
Zero Atala izena eman diote Anoetako lehen lanen multzoari. Anoeta Kiroldegia sozietate publikoak 1.104.456 eurotan zabaldu zuen obrak esleitzeko lehiaketa publikoa; Altuna y Uriak eta Moyuak 888.669 euroko eskaintza aurkeztu zuten, eta haiek irabazi dute lehiaketa. Estadioa berritu aurreko lanak dira aurrefase horretan egingo dituztenak eta obrak maiatzean hasiko direla aurreikusi dute.