Atzo kiroldegian hasitako festak jarraipena izan du gaur Espainiako Urrezko LEB ligara igo berri den Sammic ISBrentzat. Atzo jaso zuten txapeldunen kopa kalera atera dute gaur saskibaloi taldekoek, udaletxean prest zuten harrerarako.
Udal Musika Banda aurretik zutela, kalejiran iritsi dira taldekideak plaza Nagusira. Han elkartutako dozenaka herritarrek txalo artean hartu dituzte jokalariak eta gainerako taldekideak. Udaletxeko areto nagusira igota, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Javier Zubizarreta Azkoitikoak, bi herrietako zinegotziak ondoan zituztela, esker oneko hitzak izan dituzte Iraurgikoentzat; baliabide mugatuekin saskibaloi klubeko kideak izaten ari diren lorpenak goraipatu dituzte bi alkateek, hori horrela izateko atzean dagoen lan guztia nabarmenduz. Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgiko zuzendariak bueltan itzuli dizkie esker oneko hitzak.
Baina plazan elkartutako jendea zain zegoen, eta jokalariak eta teknikoak balkoira irteteko unea iritsi da. Han, beste behin kopa herritar guztiei eskainiz, hainbat jokalarik hartu dute hitza. Horien artean, nola ez, Ibon Guridi kapitainak; aurrez prestatu duten bertsoa ere kantatu du azpeitiarrak. Zaleei eskerrak eman dizkiete behin eta berriz jokalariek, eta beraiek lortu dutena posible egin duten klubeko entrenatzaileak eta laguntzaileak ere oso gogoan izan dituzte.
Balkoikoak bukatuta, udaletxean bertan txanpainarekin topa egiteko eta argazki gehiago ateratzeko parada izan dute, bi eguneko ospakizunen azken txanpan.