Bi kide berri ditu Lagun Onakeko zuzendaritza batzordeak

Uztarria.eus 2017ko apirilaren 27a

Lasa eta Peña dira Lagun Onakeko zuzendaritzako kide berriak. (Lagun Onak)

Eli Lasa Merchandising eta Gurasoekiko Erlazio zuzendaria izango da. Eguzkiñe Peña, berriz, emakumeen kirol aholkulari lanetan ariko da. Martxoan aurkeztu zuen zuzendaritza berria Lagun Onakek, eta orduan herriko emakumeak klubaren kudeaketan aritzera animatu zituzten. Lortu dute xedea.

Lagun Onak futbol taldeak joan den martxoaren 10ean aurkeztu zuen zuzendaritza berria, eta handik aste batzuetara bi kide berri batu ziren talde horretara: Eli Lasa eta Eguzkiñe Peña. Lasa Merchandising eta Gurasoekiko Erlazio zuzendari lanetan ariko da, eta Peña Oiartzun taldeko futbolaria emakumeen kirol aholkulari izango da. Biek izan dute aurrez harremana Lagun Onakekin.

Bost urteren ostean, martxoan utzi zuen klubeko lehendakari kargua Mikel Izurietak, eta Iñigo Arregik hartu zuen haren lekukoa. Arregirekin batera, honako kide hauekin osatutako taldea aurkeztu zuten: Izarraitz Barrena lehendakari ordea eta kirol eskolaren zuzendaria, Joseba Aranguren diruzaina eta futbol zelaiaren eta belarraren mantenuaren arduraduna, Ruben Pozo emakumeen futbolaren zuzendaria, Iñaki Leunda komunikazio zuzendaria eta Jon Azkue ekitaldien eta tabernaren arduraduna.

Aurkezpen ekitaldian, zuzendaritza berriko kideek emakumeen kirola indartzearen garrantzia azpimarratu zuten, eta klubaren kudeaketan aritzera animatu zituzten emakumeak. Eta lortu dute xedea; bi emakume izango dira klubaren zuzendaritza batzorde berrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide