Karta joko txapelketak antolatu ditu Baigerak

Uztarria.eus 2017ko mai. 4a, 18:48

2014ko Jubilatuen Asteko irudia.

Musean, tutean, eskoban eta punttuan jokatzeko aukera izango da maiatzaren 8an, 9an, 15ean eta 16an. Txapelketan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Izen-emate orriak Baigeraren bi tabernetan eskura daitezke. 

Urtero bezala, aurten ere, Baigera Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteak karta joko txapelketak antolatu ditu. Lau modalitatetan jokatuko dute txapelketa: musean, tutean, eskoban eta punttuan.

Museko eta eskobako txapelketak maiatzaren 8an eta 9an izango dira. Punttuan eta tutean, berriz, maiatzaren 15ean eta 16an jokatuko dute. Txapelketa guztiak Sanjuandegiko Baigera IIn jokatuko dira. Hala ere, partaideren batek Baigera In izena emango balu, museko txapelketa bertan egingo dutela aurreratu dute. 

Partida guztiak 16:30ean hasiko dira, baina parte-hartzaileak aurrez elkartuko dira, 16:00etan. Modalitate bakoitzeko jokalari guztiak elkarren aurka arituko dira jokoan. Baigerak azaldu duenez, sari bereziak izango dira irabazleentzat. 

Izen-ematea zabalik

Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, eta izen-ematea zabalik dago jada, Baigerako bi tabernetan (Sanjuandegikoan zein Alde Zaharrekoan).

Karta joko txapelketei hasiera emateko, bost bikotek eman beharko dute izena, gutxienez, bestela, bertan behera geldituko dira txapelketak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide