Edozein plastiko marruskatzeko beti prest dituzun hortzak, hesi gaindiezin dira hegazkin bihurtzen dudan koilararentzat. Alperrik saiatzen naiz tortilarekin, patata zatiekin eta frutarekin: mingainera iritsi orduko, esku zartaz eraisten dituzu sigi-sagan datozkizun aeroplanoak King Kong kume baten pare.
Hori ez da txarra, Hurritz. Susmoei bide egokia eman behar zaie. Neurrian fidatzea, bizi garen munduan aurrera egiteko ezinbesteko antzea da. Bestela, arian-arian ia beti beranduegi ikasten da. Horregatik zurtu nau zure joerak, ikasteko betarik gabe berez bezala sortu baitzaizu. Ilearen kolorearekin batera, nire errezelotik zerbait pasatu ote dizudan, horra etorri zaidan azalpen logiko bakarra.
Hala bada, agian jatekoa baino hegazkina izan daiteke atzeraka eragiten dizuna. Behar bada garraiobideak sortuko dizu zuri izu-ikara, eta ni jabetu ez!
Bai, bete berri da Argentinako 1976ko kolpe militarraren urteurrena. 41 urte iragan dira, baina urtero legez marea jaistean hondartzara datoz milaka desagertu. Aspaldi hartan, Garage Olimpo filma ikustean, bueltako txartelik gabeko bidaia haiek hegazkinei begiratzeko era aldatu zidaten betirako. Akaso, geneetan korapilatuta nire geriza horren hondarren bat jasoko zenuen.
Ulertu dut, Hurritz. Jatekoa beste modu batez eskaintzen saiatuko naiz aurrerantzean. Ea jakiz osatu karabana solidario batekin zorte handiagoa dudan...
(Uztarria aldizkariaren 193. zenbakian argitaratutako iritzia)