Adin tarteen banaketa ere sinplea bezain argia zen: haurra, gaztea, heldua eta zaharra. Banaketa egun ere antzekoa izango da baina nor non kokatu, arazo franko. Urte gutxitan, ordea, mundua asko aldatu da, lurraren errotazio zentrua aldatu dela dirudi. Jubilatuak munduaren motor bilakatu dira. Gastatzeko patrikan zakarra duten bakarrak dira; haurren zaintzarako master preziatuenen jabe dira; eta estetikoki aldaketa sinestezina da. Mahonezko praka eta txapelaren lekuan, punta puntako kirolarien esretika. Zapatila arin, praka motz, dir-dir egiten duten hanka eta aurpegi moreno-morenoak eta soiltzen hasi den burua tapatzeko bixera xika. Gizon ala emakume. Emakume ala gizon. XXI. mende hasierako iraultza. Eta denak mobila sutan dutelarik, biloben argazkiak eta bideoak whatsapez bidali eta bidali. Asko aldatu da bai mundua, arlo honetan, nik uste, onerako. Baina, etengabe, errotazio zentrua duen jakin gabe, bueltaka ari den nire buruan zalantza. Benetan mundua izango da aldatu dena ala nire pertzepzioa. Alegia, ez ote dugu gauza bera adin ezberdinetan diferente ikusten? Nik herenegun nuen adineko batek zer nola irudikatuko ote du ni etzi izango naizena? Gauza bera estalki ezberdinarekin? Mutil gazte batek zuka egin zidanetik ez naiz mutil? Gizon? bera. Gazte sentitu arren kolpetik zahartu eta neure errealitatean jarri ninduen. Pertzepzio kontua.
(Uztarria aldizkariaren 193. zenbakian argitaratutako iritzia)