Sanisidroen bigarren jardunaldia ari dira ospatzen gaur Aratzerrekan. Atxur Festie zuten gaurkorako prestatua, eta umeak izan dira nagusi arratsaldean. Haientzako pottoka eta zezen txikiekin hasi da festa. Tartean, Jabier Niño de Ibarrolari omenaldia ere egin diote; oroigarria eman diote azken urteetan sanisidroetako zezen festen protagonista izan denari, baita kapotea ere, pase batzuk egin zitzan.
Soroan aitzurrarekin altxor bila aritzea izan da arratsaldeko bigarren hitzordua eta gogotsu saiatu dira horretan, aitzur txikiak eskutan eta txandaka, hogeitik gora haur. Gozokiak edota dirua ziren sariak. Lurpean ezkutatutako patatetan gordetako sarien bila aritu ondoren, plazako iturrian eskuak garbitu eta askaria dastatzeko txanda iritsi zaie, frontoian jolas gehiagorekin jarraitu aurretik.
Umeentzakoak bukatuta, gaur goizalderako festa izango dute Aratzerrekan. Eta, bihar atseden hartu ondoren, astelehenean, San Isidro eguna ospatuta, agurtuko dituzte festak. Hona hemen, gelditzen den egitaraua:
Gaur gauean
21:00etan: Auzo-afaria, Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos soinujoleak girotuta.
01:00etan: Lehiaketa xelebrea: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan. Saria: 30 euro eta dozena bat arrautza.
03:00etan: Baratzuri-zopa jana
Maiatzak 15, astelehena. San Isidro eguna
10:00etan: Suziriak
12:00etan: Meza nagusia
13:00etan: Pilota partida, Ilunpeko pilotariekin.
14:30ean bazkaria
Arratsaldean, Eneko Arbeo Antxumarri eta Attola soinujoleak.
20:30ean: Aitzurraren jaitsiera, eta festen amaiera.