Udalak 1.500 euroko laguntza eman dio Seaskari, lanbide heziketa sustatzeko

Uztarria.eus

Azpeitiko Udalak 1.500 euroko laguntza eman dio Seaskari, Herri Urratsen bidez, Ipar Euskal Herriko ikastolen sareak martxan jarri zuen lanbide heziketako eskaintza sustatzeko. Atzo, maiatzak 14, ospatu zen aurtengo Herri Urrats, eta han bildutako dirua Baionako Bernat Etxepare Lizeoa laguntzeko izango da. Lizeoak eraikin berri bat egiteko proiektua abiatu zuen, eta helburua da bertan Seaskako lehen sare profesionala edota lanbide heziketa zikloak eskaintzea.

Ainara Larañaga, Mikel Ibarzabal eta Aitor Bereziartua udal ordezkariak Seaskako zuzendari Hur Gorostiagarekin elkartu ziren atzoko Herri Urratsen (argazkian), diru-laguntza emateko.

Aitor Bereziartua zinegotziak Azpeitiko Udalarentzat formakuntzak duen garrantzia azpimarratu zuen: "Momentu hauetan, tokiko ekonomia indartzeko ezinbestekotzat jotzen dugu Azpeitiko Udalean formakuntza; horretan ditugu jarrita begiak eta baliabideak. Eta nola ez, Seaskako Ikastolen pauso estrategiko garrantzitsu horrekin bat egiteaz gain, lagundu nahi ditugu, eta beste urte batez hemen gara, azpeitiarron laguntza eskaintzen". 

Ez da Azpeitiko Udalak seaskari sustengu ekonomikoa ematen dion aurreneko aldia. Iaz, esaterako, 4.000 euro bideratu zituen Seaskaren proiektua sustatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide