Atzo, maiatzak 19, jokatu zuen Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenetako joaneko partida, Frontoi Txikian, eta azpeitiarrak nabarmen izan ziren nagusi, Tolosa 3-0 mendean hartuta.
Unai Alberdik eta Mikel Unanuek 22-5 irabazi zuten kadete mailan; Jon Alberdik eta Julen Egigurenek 22-5 jubeniletan. Senior mailan, Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo 14-9 aurretik zirela, Etxanizek min hartu eta Josu Uzkudun sartu zen haren lekuan. Hala ere, 22-17 bukatu zuten partida Azpeitiko seniorrek.
Itzulerako partida maiatzaren 28an, igandez, jokatuko dute, Tolosako Beotibar pilotalekuan.