Mursego eta Neighbor; solasaldia eta kontzertua

Sortzaileen arteko elkarrizketak egiten hasiko gara Dinamoan. Lehendabizikoa, ekainaren 16an, ostiralez, 17:00etan, bi musikarirekin: Maite Arroitajauregi Mursego eta Maite Larburu Neighbor. Solasaldia osatzeko eta sortzaileen lanaz gozatzeko, gauean kontzertua izango dugu Sanagustin kulturgunean, 22:00etan hasita.

Berria egunkariak 2013ko diskorik onenak aukeratzeko eskatuta, adituek Mursegorena eta Neighborrena aukeratu zituzten onenen artean. Denbora asko pasa da ordutik, eta bien proposamen estetikoak sendotuz joan dira bitarte honetan.

Mursego Maite Arroitajauregi da batez ere, eta 2009an bere lehen diskoarekin euskaldunen belarriak harrituta utzi zituenetik, jarraitu beharreko artista da. Eskertzekoa da oso jolaserako daukan joera, eskura duen guztia erabili eta mundu berriak sortzeko gaitasuna. Zuzenekoetan hazi egiten da gainera, eta ezagututa ere, entzulea txundituta uzten jarraitzen du.

Neighbor Maite Larburu da, erdia, eta beste erdia Josh Cheatham. Antzinako musika klasikoko jotzaile profesionalak dira biak. Haatik, Neighborrek zerikusi gutxi du musika barrokoarekin eta asko pop-folk egileen kantuekin, bossanovarekin, edota bluesarekin. Pozaren eta introspekzioaren artean dantzan dabiltza euren abestiak. Zuzeneko intimo bezain beteak ematen dituzte.

Biak ala biak euren sormen prozesuei buruz ariko dira hizketan solasaldian, Dinamoan, eta sormen prozesu horren emaitza entzuteko aukera izango dugu gero, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide