Emakumeek hartu dute plaza

Uztarria.eus 2017ko mai. 27a, 16:20

Emakumeak plazara eta kirol mundura gerturatzea helburu, Euskal Herriko hainbat herritako emakumeek kirol erronka egin dute gaur. Izan ere, maiatza amaitzear dela, edo ekaineko aurreneko egunetan, jaialdia antolatzen du urtero Azpeitiko Emakumeen Mahaiak, ikasturte osoan ikasitakoa herriratzeko. Aurtengoa ikasturte berezia izan da, ordea, bost urte bete baititu Emakumeen Txokoak.

Urteurren hori aitzakia hartuta, kirola eta festa uztartu dituzte gaur goiz osoan egin duten jaialdian. Hala, goizean, lehenbizi, Emakume Txokoko logo berritua aurkeztu dute Udaleko Parekidetasun Saileko teknikari Edurne Aranbarrik eta Leire Goenaga zinegotziak. Ondoren, 11:00etan hasita, pilota eta bertsoa uztartu dituzte Frontoi Txikin. Patri Espinarrek eta Alaitz Badiolak indarrak neurtu dituzte Maddi Mendizabal eta Eneritz Arrietaren kontra. Haiek pilotan jokatu bitartean, Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bertsotan aritu dira. Neurketa estua izan da, eta partida guztian Espinar eta Badiola aurretik joan badira ere, Mendizabalek eta Arrietak eskuratu dute garaipena, 22 eta 20 irabazita. Aldarrikapen eta festa egunak herriko plaza hartu du 12:30etatik aurrera. Hamar lagunez osatutako hiru taldek kirol erronka egin dute, eta lokotx biltzen, txingak eramaten, gizaproban eta sokatiran neurtu dituzte indarrak. Talde tranpatienaren saria kamiseta arrosa zeramaten Azpeitiko eta Azkoitiko emakumeentzat izan da; talderik aktiboena, berriz, Eibarko eta Bergarako emakumeaka izan dira, eta sinpatikoenak, berriz, Hazparneko, Errezilgo eta Antzuolako emakumeak izan dira. Indarrak hartzeko eta festa behar bezala borobiltzeko, emakume guztiak Sanagustinen dute hitzordua bazkaltzeko.

Jarraian, gaur goizeko emakumeen bertso-pilotako, kirol erronkako eta logo berriaren aurkezpeneko irudiak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide