Metrobi

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2017ko mai. 30a, 20:38

Esan nizuen. Gure herriko haizearen norabidea aldatu egin da. Izan ginenak izatera iristea kostatu egingo bada ere, gazteei esker, herria, poliki-poliki, lur planetan dagokion lekua eta tokia berreskuratzen ari da. Urte tristeak eta grisak amaitu dira, berriro bizipoza gosaltzen ari gara; gu geldituko gaituen ama guztien bonbarik ez da ez sortu eta ez sortuko. Gelditzekotan ere epe laburrerako izango da. 

Ez ohikoa, berez izugarria dena, ohiko eta arrunt bihurtzen hasiak gara. Azkena, edo azkenetakoa, buzoa jantzi eta izerdia eta talentua uztartuz, zilarra landuz urrea irabazi dutenak. Erraldoiak eta beltzak nagusi diren erreinuan, gureek –Iker, Ibon, Gaizka, Rubio, Xabi, Aitor, Maier, Pino, Xubi– eta beste enparauek, denak gureak edo gutartuak, beste denak txiki-txiki egin eta txiki utzi dituzte. Be-tharrametan txerritxoa askatu zutenak, zuek erraz ulertzeko, NBAtik bi urratsetara daude. Eta guzti hori bi metroko herritarrik ez duen herrian (bi metrotik gorakoren bat baldin bada, barka diezadala). Jaio garen lekuan sortze hutsagatik ez gara beste inor baino gehiago, baina egun urria eta garestia den berezko zerbait badugu. Oraindik, zehatz mehatz, apartak egiten gaituen beste zera hori zer den zientifikoki azaltzerik ez dago, baina zerbait izan badela jakintsuenek ere ez dute ukatzen. Gazte labekada berri honek, herria berpizteaz gain, harrokeriarik gabe harro egoteko moduko egun asko eman behar dizkigu. Ez izan zalantzarik. Hori bai, tarteka, bi metroko neska-mutilak egiteko beharrezkoa den hazia ere aurkitu beharko dugu. Tamaina, hemen, biziki garrantzitsua baita. Eta ez bedi inor gureek kantxan irabazi dutena bulegoetan ezerezean uztera ausartu. Hasi Basilika Arena Center prestatzen. Zorionak Iraurgi.

(2017ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide