Zazpigarren kontinentea

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Borda 2017ko mai. 31a, 14:38

Hurritz, oraintxe ikusi dut telebistan ozeanoetako ur lasterrek plastikoa hartu eta itxaso barrura garraiatzen dutela, urrun haietan pilatuz mila koloretako uharte nabarrak osatu arte.

Gu bezalako jendeak uretara botatako hortzetako eskuilek, koka kola botilek, jogurt potoek… osatzen omen dute zazpigarren kontinentearen oinarria.

Izututa geratu naiz gure etxeko egongelari erreparatu diodanean. Geu ere plastikozko uharte baten gainean gabiltza barren! Auskalo nondik eta nola iritsi diren, Coriolisen zein efektuk bultzatuta zurezko zoruan barreiatuta dauden traste hauek guztiak. Badira hor DVD baten azala, nire umetako panpinak, zure anaiari oparitutako hamaika animaliaren erreplikak, amaren musika diskoak… den dena nahasian, anabasa betean.

Pentsatzen hasita, egunotako aktualitatea irudikatzeko ez zait metafora hobeagorik otutzen. Badirudi egongelara aspaldiko eta gaurko katxibatxeak ekarri dituen antzerako indar zentripeto batek lotzen dituela albisteak tinta beltzezko itxasoan. Begira, hor dira esaterako atzora arte Espainiako alkate eta zinegotzi izandako hainbat eta hainbat diru-lapurretetan nahastuta, hor dago Jose Utrera Molinari (besteak beste, Puig Antich garrotean hiltzera bidali zuen ministro frankistari) egindako hileta, hor da Jose Sanjurjo nafar militar kolpista gaurko agintari artean omendua… Uharte bihurtutako zabor pilaren gainean itsas-txoriak korroka.

Hurritz, uste dut Interneten barku puzgarria erosi behar dudala biontzat. Etxeko salako zikina garbituko dugu, baina kanpoko itsasoan hondartu gabe aurrera egitea lortu behar dugu begiak erne eta arraun gogorrean...

(Uztarria aldizkariaren 194. zenbakian argitaratutako iritzia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide