Garai batean, tabernaz taberna tragoxka batzuk hartzen zebiltzan uneak ere abesteko aprobetxatzen zituztela adierazi dute bi kantariek, baina diote ohitura hura "zoritxarrez galdu samar" dagoela. Galdosek adierazi duenez, garai batean tabernetan irrati zahar bat izaten zen, eta tabernariari bolumena jaisteko eskatu ondoren rancherak, euskal abestiak… kantatzen zituzten.
Usadio zaharra berreskuratzeko asmoz, kanturako zaletasuna duten lau lagun elkartu ziren Inpernu soziedadean, duela lau urte. Galdosek kontatu duenez, afalostean ahots talde bat sortzearen inguruan aritu ziren solasean Eduardo Badiola, Juan Mari Lasa, Joxe Mari Arregi eta bera. "Lauron ideia izan zen, eta ordutik ilusio handiz eraman dugu aurrera proiektua". Duela lau urte, Inpernupen esandakoak ez zituen haizeak eraman. Izan ere, Azketa Ahots Taldea sortu eta diskoa grabatzea ere lortu dute. Hala, hamahiru euskal abestiz osatutako estreinako lana bihar aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, 20:30ean hasita. Azpeitiarrez gain, Azketaren diskoaren aurkezpenean izango da Ordiziako Oroith abesbatza ere. Emakumez eta gizonez osatutako taldea da Ordiziakoa, eta Katrin Iturraldek zuzentzen du Goierriko korua.
Afizioa, mutikotatik
Kanturako afizioa mutil koskorretatik dute Galdosek eta Oiarbidek. Beasaindarra La Salleko fraideekin hasi zen abesten. "Behin, fraideetako bat gelan sartu eta ikasle bakoitzari eskatu zigun banan-banan, proba moduan, abesti bat kantatzeko. Sei urte besterik ez nituen, eta gogoan dut beldurtuta eta lotsagorrituta abestu nuela". Proba hura eta gero, La Salleko koruan abesteko hautatu zuten Oiarbide, eta 14 urtera arte aritu zen eskolako abesbatzan. "Solfeorik ez genekien, eta, batez ere, elizako abestiak kantatzen genituen, igandeetako mezan. Gero, 10 bat urterekin, ahotsa aldatu zitzaidan, eta ordutik bigarren ahotsa izan naiz. Gabon batzuetan Tolosan jokatzen zen Gipuzkoako kantu txapelketa irabazi genuen eskolako koruarekin". La Salleko esperientzia hura eta gero, goierritarrak urteak eman zituen abesbatza bateko kide izan gabe, harik eta duela urte batzuk Azpeitiko parrokiako koruan abesten hasi zen arte. "Duela bi urte, berriz, Azketa Ahots Taldean hasteko gonbita egin zidaten, baina jubilatu berria nengoen eta garbi esan nien ez nuela konpromisorik hartu nahi. Probatu gabe, behintzat, ez geratzeko esan zidaten, eta hala joan nintzen entsegura, eta gaur arte. Harrapatu egin ninduen".
Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.