Festa betean jarraitzen dute Sanjuandegin, euriak euri. Zapatu arratsaldean giroa desatsegina izan da eguraldiari dagokionez; baina, ekitaldiren bati eragin arren, festarako gogorik ez die zapuztu auzotarrei eta kanpotik joandakoei.
Karpan, zaparradetatik salbu egin dute IV. Trikiti Txapelketa. Ikus-entzule mordoa batu da parte hartu duten sei bikote gazteen lana jarraitzera eta txalotzera. Txapela Eider eta Lierni Tolosa ahizpa hernaniarrek jantzi dute, eta Aitor Uzkudun errezildarra eta Naiara Urresti getariarra sailkatu dira bigarren tokian.
Arratsaldeko beste interesgunea festetako oholtza nagusiaren aurrekaldean zegoen. Han, Sanjuandegiko XJ Auzolaneaneko kideen eta Urrestillako Festa Batzordekoen arteko erronka zegoen iragarrita. Hainbat proba eta joko zitiuzten aurreikusita baina, azkenean, horietako batzuk bakarrik egin ahal izan dituzte, euri jasen eraginez. Berdinketa adostu dute, batzuen eta besteen artean.
Bertatik bertara, Jose Antonio Agirre plazan zuen jarria hitzordua Azpeitiko Gure Esku Dagok Prest! mosaikoa osatzeko, Azpeitiko herri galdeketaren urteurrena ospatzeko –etzi beteko da– eta gaur zortzi Bilbon galdera ikur erraldoia egiteko dagoen deialdiarekin bat egiteko. Sanjuandegiko plazan ere galdera ikurra marraztu dute Gure Esku Dagokoek, globoak eskutan jendeak hura estaliz giza galdera ikurra osa zezan. Euriak ezabatu egin du marraztutakoa, baina, hala ere, dozenaka herritarrek osatu dute ikurra, aurrena aterkiekin eta gero puxika gorriekin soilik.
Hona hemen, hemendik aurrera eta bihar iluntzean festak bukatu arte dagoen festa egitaraua:
Ekainak 4, igandea