Herriko haur eta nerabeek bi antzerki eskainiko dituzte, zapatuan

Uztarria.eus 2017ko ekainaren 6a

Sanagustin kulturgunean eskainiko dute emanaldia, 18:00etan hasita. Autobusaren zain eta Nork agintzen du? antzezlanak izango dira ikusigai. 

Zapatuan, ekainaren 10ean, herriko hainbat haur eta nerabek antzerki emanaldia eskainiko dute Sanagustin kultugunean, 18:00etan hasita. 8 eta 16 urte bitarteko 17 neska-mutil azpeitiarrek hartuko dute parte emanaldian, eta Autobusaren zain eta Nork agintzen du? antzezlanak izango dira ikusgai.

Alaitz Olaizolak zuzendu ditu bi antzerkiak, eta hark azaldu duenez, Autobusaren zain komedia bat da, arratsalde batez autobus geltoki batean gertatzen dena. Bertan, hainbat pertsona daude autobusaren zain, baina bada "berezi xamarra" den pertsona bat eta itxaronaldia berezi bihurtuko duenik ere. Nork agintzen du?, aldiz, bullying-a lantzen duen antzezlana da. Gai honi buruzko istorioa sortzea antzezleen ideia izan zela adierazi du Alaitz Olaizola antzerkiko irakasleak, eta ariketa batzuen ostean sortu zutela gidoia. Hausnarketarako balioko duen ikuskizuna dela aurreratu du Olaizolak.

Herritarrei gonbidapena luzatu die antzerkiko irakasleak, "nolabaiteko babesa emateko herriko antzerkilariei". Bestalde, plazaratuko duten lana prozesu luze baten emaitza dela adierazi du, eta lan asko egin dutela zapaturako antzerkiak eskaintzeko. Ordubeteko "saio alaia" dela ziurtatu du Olaizolak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide