Doako autobusa antolatu dute Herriarteko Txapelketako itzulerako partidara joateko

Joan den ostiraleko partidako unea. (Ilunpe Pilota Elkartea)

Ostiralean jokatuko dute Azpeitiak eta Azkoitiak final laurdenetako itzulerako partida, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 22:00etan hasita. Autobusean joateko ez da aurrez izena eman behar, eta zerbitzua doakoa izango da. 21:00etan irtengo da autobusa Azpeititik.

Hitzordu garrantzitsua du Ilunpe Pilota Elkarteak datorren ostiralean, ekainaren 9an: Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako itzulerako partida, Azkoitian. Partidak hala eskatzen duelako eta "Azpeitiko zaletuen bidaia errazteko zein horien babesa ziurtatzeko", doako autobusa antolatu dute Ilunpek eta Azpeitiko Udalak. 21:00etan irtengo da autobusa Etxe-Zuriko eta anbulatorioko autobus geltokietatik. Zaletuak Gurea pilotalekuan utziko ditu autobusak, eta partidak amaitzean toki berean jasoko ditu Azpeitira itzultzeko. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Joan den ostiralean, hilaren 2an, jokatu zuten joaneko partida Frontoi Txikian, eta Azpeitia nabarmen izan zen nagusi 3-0 irabazita. Modu horretan, Azpeitiko pilotariek txapelketan aurrera egiteko nahikoa izango dute Azkoitian jokatuko diren partidetako bat irabaztea edo Azkoitiarrek baino tanto kopuru orokor hobea lortzea.

Itzulerako partida Gurea pilotalekuan jokatuko da, 22:00etan hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide