VII. Espabilau Eguna ospatuko dute lasaotarrek zapatuan

Uztarria.eus 2017ko ekainaren 8a

Iazko Espabilau Eguneko irudia.

Egun osorako egitaraua antolatu dute lasaotarrek hilaren 10erako. Herri-kirolak, paella txapelketa, mahai jolasak eta afaria izango dira, besteak beste.

Azken zazpi urteetan egin bezala, Espabilau Eguna ospatuko dute lasaotarrek datorren zapatuan, ekainaren 10ean. Goizean hasi eta gauera arte egongo da zer egin eta zertaz gozatu Lasaon. 

11:00etan hasiko da festa, herri-kirolekin. Lasaotarrek osatutako bi talde ariko dira elkarren artean lehian, eta honako lanak egiten arituko dira, besteak beste: trontzan, sokatiran, txinga jasotzen eta pilotan. Parte hartuko duten bi taldeak adin guztietako lasaotarrek osatuko dituzte. 

Behin kirola eginda, paella txapelketaren tartea izango da, 13:00etan. Ondoren, 14:30ean, sabelak betetzeko unea izango da, eta aurrez prestatutako paellak jateko bazkaria egingo dute frontoian. Arratsaldean, 16:00ak aldera, musean eta mahai jokoetan aritzeko aukera izango da. Beranduxeago, 17:00etan, buruhandi tailerra eskainiko dute gaztetxoentzat. Egunari amaiera emateko, afaria egingo dute Lasaoko Herri Etxean, 21:00etan hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide