155 lagun bildu ziren Azpeitiko EH Bilduren prozesu berriaren aurkezpen ekitaldian

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2017ko eka. 12a, 19:40

Ilusioa eta lanean jarraitzeko indarra. EH Bilduren egituraketa proposamena aurkezteko ekitaldia egin genuen ostiralean, eta 155 lagun izan genituen bidelagun, Sanagustin kulturgunean. EH Bildu herritik egituratzea da gure helburua, herritarrak eztabaidaren erdigunean jartzeko eta gure proiektuarekin bat egiten duten pertsonei ahotsa emateko. Hori dela-eta, beharrezkoa zen jendearen babesa ostiralean, eta gertu-gertutik sentitu genuen. Mila esker, beraz, ekitaldira gerturatu zineten guztiei, hauxe da landu nahi dugun eredua.

Orain artean eginiko lanetik abiatuta, hemendik aurrera egin dezakegun bidea marraztu genuen. Batetik, udalean eginiko lanaren balantzea egin genuen, eta Azpeitia aldatzen jarraitzeko dauden proiektuak ere korpartitu ziren. Bestetik, herritarren eta komunitatearen garrantziari eta paperari heldu genion. Bide horretan, oinarri batzuk nabarmendu nahi ditugu: pertsonek protagonismoa duten EH Bildu osatzea, alderdietatik haragoko norbanakoei lekua eskaintzea, denok eroso sentituko garen ezkerreko mugimendu politikoa izatea, gardentasuna lehenestea, nazio mailako EH Bildurekin lotura izatea eta aurrez aipatutako ezaugarri guztien orekari begiratzea.

Horretarako, komunitatea sendotzen eta saretzen ari gara, herritarren esentzia eta onespena beharko duelako prozesu honek eta hemendik aurrera egingo dugun guztiak. Antolaketa ereduan, zubiak jarri nahi ditugu erakundeak eta herriaren artean; eta, are gehiago, gune komunak sortu nahi ditugu, erabakiak eta hausnarketak konpartitzeko. Bide horretan, komunikazioari ere garrantzia berezia eman diogu. Ostiraleko batzarrean izan zirenek jaso zuten txartel bat EH Bilduren barne boletina jaso ahal izateko datuak emateko. Hara joan ez zirenek mezu bidez egin dezakete eskaera. Horretarako, mezu bat bidali behar da izen-abizenekin eta helbidearekin, argi adieraziz boletina Internet bidez edo posta arruntez jaso nahi den. ehbilduazpeitia@gmail.com helbidera bidali behar da informazioa.

Esan bezala, ostiraleko ekitaldian aurkeztu genuena proposamen bat da; guk sortu, eztabaidatu eta adostu duguna. Dena den, bidea egiten hasi berri gara, eta edozer ekarpen izango da ona. Horretarako ere erabil daiteke aurrez aipatutako helbide elektronikoa. Aurrerantzean, parte hartzea bermatzeko lanean jarraituko dugu. Irailaren 26an egingo dugu lehen bilera irekia. Bide honetan aurrera egiteko indarra jaso genuen ostiralean, eta badakigu lanerako ilusio hori guztion artean hazten joango dela. Mila esker, eta jarrai dezagun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide