San Juan bezperarekin estreinatu zituzten atzo urrestildarrek huts egin ezinezko festetako lau egunak. Eta berrikuntza bat baino gehiagorekin hasi dituzte aurtengo sanjuanak. Horrela, hasierako ekitaldian festa batzordekoek sortutako kantuak ordezkatu zuen ohiko pregoia. Ondoren, 140 lagun inguru elkartu ziren herri afarian. Gauerdian, berriz, jendetza batu zen plazaren bueltan, sanjuanetako lizarra nola altxatzen zuten ikustera; urduritasuna eta emozioa nahasian ibili ziren atzo ere San Juan arbola plazan sartzeko ekitaldian.
Lizarra zutitu ostean, frontoi aurrean zegoen sorginen gaueko bigarren zita nagusia. Han piztu zuten -nahi baino lan gehiagorekin, hori bai- San Juan sua, eta haren bueltako dantza eta musika ekitaldia izan zen gaueko bigarren nobedadea. Ordubata gainean zela hasi zen Laket taldearen dantzaldiak borobildu zuen Urrestillako sanjuanen hasiera, goizaldera arte luzatu den giro bikaina bermatuz.
Urrestillako festak, ordea, hasi besterik ez dira egin. Gaur da San Juan eguna, eta eguerdiko prozesioak eta mezak ez dute hutsik egingo. Gauean, berriz, gazte afaria eta Rodeo, Bad Sound System eta Trikimailu taldeekin kontzertuak izango dira.
Hona hemen, gaurtik astelehena bitarteko egitaraua:
Gaur, zapatua, San Juan eguna
Bihar, igandea, San Juan txiki
Ekainak 26, astelehena, San Juan hirugarrena