Eusko Gudarostearen inguruko liburua aurkeztuko dute zapatuan, Loiolan

Uztarria.eus 2017ko eka. 28a, 18:54

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Estitxu Elduaien zinegotzia eta Javi Buces Aranzadiko historialaria. (Azpeitiko Udala)

Aranzadik egin du Eusko Gudarostearen historia eta datuak biltzen duen liburua, udalaren eskariz. Zapatuan, 12:00etan, aurkeztuko dute lana, eta Sasetaren irudia ezarriko dute bertan.

Iazko abuztuan bete ziren 80 urte Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantzia Loiolan antolatu zela. Hain zuzen ere, 1936ko abuztuaren 5aren eta 8aren artean sortu zuten Loiolako komandantzia EAJk, ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak, Franco buru zuen matxinada militarrari aurre egiteko helburuarekin, eta gudarien buru izan zen Kandido Saseta. Hilabetez eutsi zioten fronteari Gipuzkoan, eta hilabete hori "ezinbestekoa" izan zen Eusko Jaurlaritza sortzeko, Javi Buces Aranzadiko historialariaren arabera.

Urtemuga aprobetxatuta, Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak omenaldia egin zieten orduko gudariei joan den uztailean, eta ekitaldi hari jarraipena emateko, Eusko Gudarosteaz liburua osatu dute bi erakundeek. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, "ibilbide zehatz baten emaitza" da lana: "Memoria historikoa oinarri zientifikoen bidez jasotzeko eta memoria bere osotasunean berreskuratzeko egindako esfortzuaren ondorioa da". Izan ere, Azpeitiko Udala memoria historikoa "errekuperatzeko eta zabaltzeko" lanean ari da, "azken 80 urteotan herrian jazotako giza eskubideen urraketa guztiak etapaka jasotzen".

Liburua bi helbururekin egin du Aranzadik: historia jasotzea eta Gudarostea posible egin zuten pertsonen izen-abizenak eta haien historia zehatza berreskuratzea. Bucesek azaldu duenez, Azpeitiko komandantziako 1.277 pertsonen zerrenda aurkitu dute Salamancako artxibategian: "Horietatik 569 lagunen informazioa bilatu eta egiaztatu dugu, eta EAE-ANVko 259 boluntarioren informazio zehatza ere jasota dago liburuan".

Historialariak azpimarratu duenez, gaurdaino ez da egin Eusko Gudarostearen historia biltzeko lan osaturik. "Bildu izan dira Gudarostearen pasarteak, baina inoiz ez da egin halako lanik".

Zapatuan Loiolan aurkeztuko dute liburua 12:00etan hasita, eta ekitaldia irekia izango da. Azpeitiko alkateak esan duenez, udalak "historiarekin duen zor txiki bat kitatuko" du ekitaldian. "Saseta hil eta bi edo hiru egunera, Basarri bertsolariak Tierra Vasca aldizkarian idatzi zuen Sasetak irudi bat merezi zuela Loiolan". Eta, hala egingo dute; komandantearen irudia ezarriko dute bertan. Gainera, Eñaut Elorrieta abeslariak eta Igor Elortza bertsolariak parte hartuko dute ekitaldian.

Udala liburuaren aurkezpenerako gonbidapenak bidaltzen ari da egunotan etxez etxe, eta gonbidapen hori aurkezpenera eramaten dutenek, doan eskuratu ahal izango dute liburua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide