Gaurtik, asteartea, aurrera ikusgai izango da Azpeitiko Argazki Elkarteko kideen Berinterpretazio erakusketa, Foru Pasealekuko erakusketa aretoan. AAEko argazkilariek irudiok erakusgai jartzen dituzten bigarren aldia da. Izan ere, joan den apirilean zehar Sanagustin kulturguneko hormetan izan ziren arte plastiko desberdinetan oinarritutako argazkiak zintzilik. Elkarteko argazkilariek eskulturak, margolanak, arkitektura lanak, disko bateko azala, zineko kartelak edota argazki ezagun bat eraman dituzte beren irudietara. Ikus daitezkeen irudien artean daude Ameriketako Rushmore mendiko presidenteen buruak eta Beatles abeslarien Abbey Road diskaren azalaren berinterpretazioa.
Berinterpretazio erakusketa osatu duten argazkilariak honakoak dira: Iñaki Aranburu, Gorka Arregi, Jexux Artola, Oscar Baile, Iñaki Etxenagusia, Valen Garcia, Juan Mari Ibarzabal, Iñigo Olarte eta Erkaitz Regillaga. Erakusketa hilaren 16ra arte egongo da zabalik.