Zenbat aldiz esan izan dugun burua eta bihotza nahastea ez dela ona, bakoitzak bere tokian behar duela! Esanak esan, ordea, sarri odola burura igo eta zoratu egiten gara pittin bat. Eta ezin eutsi barruko bulkadari!
Etzi, uztailaren 13arekin, batzarra burutu asmo du Azpeitiko Kultur Mahaiak, urtero egiten ditu hiru-lau bat, eta ez dirudi nobedadea horrek, ohituta behar genuke. Bilera horretarako deia ere handik eta hemendik jaso dugu, beti bezala.
Niri, hala ere, zainak ematen dit batzar hori berezi samarra izan daitekeela Azpeitiko kultur jardunaren ibilbidean. Irudipena baitaukat Dinamoa Sormen Guneaz eta Soreasuko azpiegituren inguruan koska berri bat finkatuko dela batzar horrekin.
Sentimenduen betaurreko itsugarriekin ikusten ari naiz gauzak, baina pentsatzen dut datorren ostegunekoak bazkideen eta kultur eragileen aldetik babes zabala lortzen badu, alegia jende multzo ederra elkartzen bagara, Azpeitiko Kultur Mahaia eta herria bera beste kultur fase bati ekiteko posturan jarriko dela.
Aldiz, hilaren 13an herriko kultura ez bada Soreasun mamitzeko dagoenari aski babes sakona erakusteko gai, agian makalaldi bati egin beharko diogu aurre. Hala sentitzen dut... Edo bestela, berriz, gaurko antzera jarraituko du gure egunerokoak astiro-astiro bere bidean.
Bistakoa da kultura Azpeitian bizirik ez ezik sasoiko dagoena. Uste dut, ordea, Soreasuren inguruan orain arte ez bezala, herriko taldeei eta norbanakoei espazio publiko baten erabilera ereduaren biran zuzenean parte hartzeko eta erabakitzeko aukera ireki zaiela.
Oinarria, baldintza orokorrak onak direla ematen du: talde gehienek abentura horretan sartzeko interesa adierazi dute, Kultur Mahaiaren eta Udalaren konpromisoa eta borondate politikoa agerikoak dira. Orain asmo eder horrek jendearen arnasa behar du, herriarena.
Kultura egunero osatzen dela badakigu, txindurri lanak izaten du funtsa, eta kanpo itxurari eta zaratari baino areago erreparatu behar izaten zaio etengabeko jardun isilari. Azpeitian ondo dakigu zer den hori.
Hala ere, egoera jakin batzuetan proiektu eta egitasmo batzuk hauspotzeko taldearen indarra lagungarri gertatzen da oso, eta nago osteguneko batzarra izan daitekeela hori erakusteko abagune apropos bat.
Azpeitiko kulturako jendea etzi Dinamoan elkar hartu eta geure burua eta bihotza erakusteko gai bagara, ez dugu argazki soil bat aterako. Izan ere, delako argazki horrek abian jarri nahi den egitasmoari, erronka berriei ekiteko konpromisoa eta ardura ere eskatuko dizkigu.
Hori dute ona sentimendurik ederrenek niretzako, sentitzen duguna sentitu ondoren gauzak egiteko bidean jartzen gaituztela. Batzarrean ikusiko al dugu elkar?