Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko eguna da gaur, uztailak 22, Azpeitian, Marea Arroxak, Azpeitiko Kalerak eta Sarek antolatuta. 19:00etan mobilizazioa egin dute ehunka herritarrek, Txitximorek eta Haujijijaik etxetik urrun dauden horiek festetan nahi dituztela aldarrikatzeko. Herriko kaleetatik itzulia egin ostean, plazan amaitu dute manifestazioa, irakurketarekin. Zapi arroxak soinean, Marea Arroxako kideak izan dira hitza hartu dutenak.
Festak herritarrak "batzeko, ospatzeko, elkartzeko aitzakia" direla esan dute: "kalea hartzekoa, antolatzekoa, gozatzekoa, aldarrikatzekoa". Errepresioa, berriz, "sistemak gu, langileok, herritarrok: hurruntzeko, bakartzeko, jazartzeko, ezkutatzeko, sistemak duen zigor mekanismoa da", esan dute Marea Arroxako kideek. Horren harira, adierazi dute Azpeitian ere "errepresioak gogor jo duela": "Espetxeak, dispertsioak, ihesak, erbesteak... Datozen asteak, ospatzeko, elkartzeko, egunak baditugu ere; hor jarraitzen du etxean ez denaren oinazeak, kalean ez denaren saminak, bixitarako bidea ekin dionaren amorruak. Errepresioak gogor jo du herri hau: espetxetik, sarraskira; ihesetik, ezkutuko militantziara".
Egungo sistemak Haujijijai ere jazartzen duela dalatu dute: "Gure lan politikoa egiteko dugun konbentzimendu beragatik, jazartu zituen eta jazartzen gaitu egunero sistemak: gurea lan politikoa delako, eta eurena gure lan politikoa jazartzeko estrategia errepresiboa. Errepresioak elkartasuna izan behar du ordainetan, herri langilearen elkartasuna". Horregatik, festetan mugildutako egunetan, "elkartu eta kaleak hartuko ditugun egun hauetan", errepresioaren aurka agertzea "beharrezkoa" dela azpimarratu dute Marea Arroxako kideek: "Soilik denak inongo baldintza juridiko/politikorik gabe kalean, etxean, ditugunenan izango baititugu festa askeak, eta hori aldarrikatzetik igarotzen da herritik eta herriarentzako festak antolatzea".
Marea Arroxak adierazi duenez, "errepresioak etxean ez dauden herrikideak jazartu ditu", eta errepresioak herritar orori eragiten diola azpimarratu dute: "Gaur hemen gauden guztioi ere eragiten digu. Euren espetxe zigorra, erbeste behartua... gure lan politikoa baldintzatzeko estrategia ere badelako, beldurra eta kontrola ezartzeko estrategia. Beraz, soilik euren askatasunerako urrats sendoak emateak askatuko gaitu gu ere".
Haujijijaik eta Marea Arroxak dei egin die herritar guztiei, festa herrikoien batzordeak antolatutako ekimenetara batu daitezen eta "herritik eta herriarentzat" antolatu dituzten festetan Pou, Etxarte, Xegu, Gotzon eta gainontzeko errepresialiatu politiko guztien askatasuna aldarrikatu dezaten.