Saninazioak 2017

Txiki handien festa

Uztarria.eus 2017ko uzt. 23a, 16:04

Txiki handien festa da gaur herrian. Festetako egitaraua martxan da dagoeneko, eta Umeen Eguna ospatzen ari dira gaurkoan. Gaztetxoenen gozamenerako, erraldoiek bete dituzte herriko kaleak eguerdian. Honako talde hauek parte hartu dute erraldoien kalejiran: Bergara, Azkoitia, Hondarribia, Zarautz, Elgoibar, Txantrea, Urduña, Errotxapea, Iruñeko Alde Zaharra, Añorga, Zizurkil, Donostia, Ostargi, Buztintxuri, Bidasoa eta Azpeitia.

Perez Arregi plazan taldeka antolatu eta bertatik irten dira erraldoiak. Alde Zaharrean kalejiran ibili ondoren, plazan elkartu dira denak. Bertan, haurren dantza saioa bukatutakoan, erraldoien dantza txapelketa jokatu dute. Aurrena banaka jardun dute, eta, segidan, taldeka. Banaka, Buztintxuri izan da irabazle, eta, taldeka, Txantrea. Txantreak urte gehiagotan ere irabazi izan du txapelketa, eta taldekideek nabarmendu dute asko igo dela maila. Azpeitiko erraldoiek, berriz, ez dute dantzarik egin aurten.

14:00etan, haurren eta gaztetxoen bazkaria izango da, eta, jarraian, jolasak egingo dituze. 17:30ean, berriz, gaztetxoekin kalejira egingo dute Alde Zaharreko kaleetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide