Umeen Eguna izan da gaur, uztailak 23, herrian. Goizean eta eguerdian erraldoiek bete dituzte herriko kaleak. 11:45 aldera irten dira Perez Arregi plazatik taldeka, eta Alde Zaharrean kalejiran ibili ondoren, plazan elkartu dira dantza txapelketa jokatzeko. Aurtengoan Buztintxuri izan da irabazlea banaka, eta, taldeka, Txantrea.
Baina erraldoien ikuskizuna bukatu ostean, arroxa koloreak hartu ditu kaleak, Marea Arroxak antolatutako ekintzekin. Ia 200 haur eta gaztetxok hartu dute parte festa herrikoien batzordeak antolatutako Umeen Egunean. 14:00etan elkartu dira guztiak Frontoi Txikian, eta taldeka banatu ostean, bazkaltzeko tartea hartu dute. Behin sabelak betetakoan hasi dira jolasak. Herriko txoko ezberdinetan zehar denetariko probak egin dituzte. Haur zein gaztetxoek ur jolasak, asmakizunak eta dantzak egin dituzte, besteak beste. Egitarauari bukaera emateko, Erdikalean zehar "ura!, ura!" eskatzen ibili dira Umeen Eguneko parte-hartzaileak, eta haiek eskatutakoa bota diete balkoietatik hainbat herritarrek.