Saninazioak 2017

Erakundeetako ordezkari nagusiak eta dispertsio politikaren salaketa Loiolan, eta bakailao festa plazan

Uztarria.eus 2017ko abu. 1a, 14:37

Saninazioak sartu dira azken txanpan. Gaur, abuztuak 1, urteroko legez, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Legebiltzarraren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien ordezkari gorenak Azpeitira etorri dira, San Inazio bigarrenean Loiolan egin den meza nagusiaren atariko prozesio zibilean parte hartzeko.

Udaletxe atarian izan dute lehen hitzordua. Han, Azpeitiko Udalaren ordezkariek harrera egin diete gainerako erakundeetakoei, eta bi dantzarik aurreskua dantzatu diete Iñigo Urkullu lehendakariari, Markel Olano ahaldun nagusiari, Eneko Etxeberria alkateari, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari, eta Eider Mendoza Batzar Nagusietakoari. Ondoren abiatu da prozesio zibila; plazatik Arana kalearen barreneraino oinez joan dira ordezkari politikoak, Loiolara eraman dituen autobusa hartu aurretik. Loiolan, berriro ekin diote ibiliari, basilikaraino.

"Ezin dugu gehiago itxaron"

Loiolan, gaurko egunez ohi dutenez, Etxeratek deituta presoen egoera salatzeko elkarretaratze jendetsua zuten zain agintariek. Iaz ez bezala, aurten Urkullu lehendakariak harrera egin die Etxerateko ordezkariei, eta haien eskutik jaso du urteko txostena. Naike Diez eta Fermina Villanueva izan dira santutegiko zabalgunearen sarreran Urkullurekin hitz egin dutenak. Espetxe politika aldatzearen "urgentzia" helarazi diote Etxeraten ordezkariek lehendakariari, eta aldaketa gertatzeko "lanean" ari direla erantzun die Urkulluk. Aurrez Arana kalean kazetariei egindako adierazpenetan esan duena berretsi du, horrela, lehendakariak. Atzo Badajozeko (Espainia) espetxean hil zen Kepa del Hoyori buruz hitz egin du; haren heriotzak eragindako "samina" nabarmendu du, Del Hoyoren familiari "doluminak" eman dizkio, eta "legearen barruan espetxe politikan aldaketak egiteko" lanean ari direla adierazi du.

Loiolako elkarretaratzean ere bereziki gogoan izan dute Del Hoyoren heriotza, "euskal presoak etxera", "dispertsioa hiltzailea" eta "Kepa, gogoan zaitugu" oihuekin. Preso galdakoztarraren heriotza dela eta, prentsaurrekoa eman dute Etxeratekoek elkarretaratzearen barruan. "Kepa del Hoyoren heriotzaren erantzukizun osoa dauka frantziar eta espainiar estatuek mantentzen duten salbuespeneko espetxe politika suntsitzaile honek. Mendeku gosean oinarritzen diren neurri ankerrek eraman dute preso galdakoztarraren bizitza", esan dute. "Ezin dugu gehiago itxaron", azpimarratu dute presoen senide eta lagunen ordezkariek. "Jakitun gara Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialak bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla, behingoz presoen aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz, zentzuzko epe eta denbora egingarrian. Euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean", gaineratu dute, presoak "etxean eta bizirim nahi" dituztelako.

Bakailao Txapelketan, iazko garaileak nagusi

Eguerdian, X. Bakailao Txapelketa jokatu dute plazan. 27 parte hartzaile aurkeztu dira lehiaketara, eta horietatik zazpi sailkatu dira finalera: 4 zenbakiarekin, Aitor Bastida eta German Bastida; 11 zenbakiarekin, Amaia Agirretxe eta Sara Carrasco; 15 zenbakiarekin, Angel Olabarria eta Iker Olabarria;  16 zenbakiarekin, Nekane eta Idoia; 18 zenbakiarekin, Maritxu eta Mila Uranga; 21 zenbakiarekin, Mikel Zaldua eta Eñaut Agirregabiria; eta 23 zenbakiarekin, Arantzazu Etxezarreta eta Iban Azpiazu. 

Epaimahaiak nabarmendu duenez, "oso maila altuko" platerak prestatu dituzte aurtengoan. Aukeratzea zaila izan duten arren, azkenean, iazko irabazleak nagusitu dira; hain zuzen ere, Arantzazu Etxezarreta eta Iban Azpiazu. Lau lagunentzako Kiruri jatetxean otordu bat irabazi dute. Bigarren postuan, Maritxu eta Mila Uranga sailkatu dira, eta txuletak eta ardoa eskuratu dituzte. Hirugarrenean, berriz, Mikel Zaldua eta Eñaut Agirregabiria sailkatu dira, eta Larrañaga jatetxean otordu bat irabazi dute. Elkarte onenearen saria, berriz, Zulo Zabalentzat izan da; Aitor eta German Bastidak jaso dute egurreko koilara handia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide