Kulturaz kooperatiba: "Iaz lortutako datuak gaindituko ditugu aurten"

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2017ko abu. 17a, 17:55

Lehen seihilabetekoan ateratako datuek goranzko tendentzia erakusten dute ekitaldi eta ikus-entzule kopuruetan. Gainontzekoak, mantendu egin ditugu.

Kulturaz kooperatibaren eskuetatik pasatu diren ekitaldien azterketa egin dugu, urte erdia bete dugula eta. Datuek azken urteetan esaten eta azken Kultur Mahaiko batzarrean azpimarratu genuena berresten dute: Azpeitia bizi-bizirik dago kultur arloan.

Iazko urtean inoiz baino ekitaldi gehiago izan genituen, eta langa ukitu genuela uste genuen, hortik gora egitea zaila zela ikusita. Baina lehen seihilabeteko honek erakusten duena da aurten, ziurrenik, gainditu egingo dugula. Urtea bukatu arte dugun programazioa ikusiz diogu hori. Ekainera arte 108 ekitaldi izan ditugu; iazko urte guztian, aldiz 180. Aurreikuspena, 200era iritsiko garela da.

Datu horrek mahai-gainean dagoen beste aztergai bat ukitzen du: herrian dugun ekitaldi kopuruaren egokitasuna. Kontuan izan 200 ekitaldi horiez gain beste hainbat izaten direla Azpeitian, beste eragileek antolatuta: Udalak, Gaztetxeak, tabernek… Festez gain.  Lehendik bagenuen datu bat. Biztanle eta ekitaldi kopurua kontuan hartuta, 140.000 biztanleko hiri baten jarduera genuela. Eta Azpeitian 14.000 gara.

(Grafikoa: 2017ko datua sei hilabeteri dagokio eta 2011 uztailetik abendura arte; aldiz, beste urteetakoak urte guztikoak dira).

Ikus-entzuleak, gora

14 milako herri bat izanik eta ekitaldi kopurua gorantz doala ikusita ere ordea, ikus-entzule kopuruak erantzun egiten dio urtez urteko igoerari. Adibidez, seihileko honekin soilik, 2013ko urte guztian lortutakoa gainditu dugu. 24.256 ikus-entzule izan dituzte 108 ekitaldiek; bataz beste, 224,59 lagun bakoitzean. Ikusteko dago iazko 35 milatara iritsiko garen.

Sustatzaileak, zuek

Datu pozgarria da honako hau. 108 ekitaldi izan ditugu kooperatibaren eskuetan, baina horrek ez du esan nahi guk sustatu ditugunik. Kontrakoa da errealitatea. Gure ekarpena atal honetan guztiaren %15,7a da. Gainontzekoak eragileekin elkarlanean eginikoak dira. Datu honek berresten du lehen aipatutakoa: herri bizia dugula. Baita beste hau ere: elkarlana, hainbestetan aipatzen dugun hitz hori, dela lortu dugun honen guztiaren gakoa.

Euskal Herriko artisten plaza

Hasieratik nahi genuena betetzen ari gara. Euskal kultura sustatzea helburu duen kooperatiba izanik, bertan burutzen ditugun ekitaldietan sortzaileak Euskal Herrikoak dira, nagusiki: %93,5a. Hau da, taldeak (musika, dantza edo antzerki), hizlariak, abeslariak.. protagonista izan diren horiek Euskal herritarrak izan dira.

 Ahoan, euskara

Gure hizkuntza euskara da. Euskal kultura sustatu nahi dugula diogunean, euskaraz egiten den kulturaz ari gara. Arlo honetan, 108 ekitaldi horietatik 10 beste hizkuntza batean izan dira; gehienbat kontzertuak.

 

Orekak, ohiko ehunekoetan

Orain arte eginiko ekitaldietan musika izan da gehienetan protagonista. Dantza eta antzerkiak ere portzentaje handia izan dute. Bestelako ekitaldietan sartzen dira, hitzaldiak, erakusketak, aurkezpenak, bertso saioak… Gutxi gorabehera beste urteetan bezala doa.

Egutegi bateratuaren ardatzak betez

Urte hasieran Azpeitiko Udalarekin hitzartutako Egutegi bateratuak ahalbidetzen du hein handi batean, datu hauek posible izatea. Hitzarmenarekin, batez ere, euskal kulturaren produkzioa eta kontsumoa, sorgintzaren sustapena eta elkarlana ditugu helburu.

Horrez gain, kooperatibak bere dituen eragileekiko elkarlana, proiektuen dinamizazioa eta programazioaren zaintza bezalako zereginek ematen diote balioa urteko jardunari.

Bien arteko uztarketatik sortzen dira datuok. Irakurketak irakurketa, datu esanguratsuak dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide