Duela sei urte ezagutu nuen Burcu. Egun osoa igaro nuen hegazkin eta autobus artean, eta Erresuma Batuko herritxo hartako etxe horretara iritsi nintzen. Burcuk ireki zidan atea, irribarre handi batekin. 19 urte nituen, eta bera ni baino apur bat zaharrago zen. Galduta sentitzen nintzen, eta bera lasai, bere saltsan, zegoen herrialde horretan. Berarekin egin behar nuen bizitza hilabetez pisu hartan... eta lasaitasuna oparitu zidan lehen minututik aurrera. Burcuk denbora pixka bat zeraman herri hartan, eta lehen momentutik bere ingurua, lagunak, ohiturak eta denbora eskaini zizkidan. Lehen gauean logelako atea jo zidan berarekin kalera irteteko, eta afaria egin zidan, nik oraindik ez nuelako ezer hozkailuan. Makarroiak jogurrarekin egin zizkidan; hori ez zait ahaztuko inoiz.
Hilabetez nire ahizpa eta lagun onena izan zen. Hilabetez batera egin genuen bizitza, etxean zein etxetik kanpo. Asko irakatsi zidan bizitzaz, eta begiak zein bihotza ireki zizkidan. Desberdinak errespetatzea zein beharrezko eta ederra den erakutsi zidan keinu bakoitzean... Oraindik laguna dut Burcu, eta bizitza guztian maiteko dut.
Burcu Turkian jaio zen, familia musulman batekoa da, eta bera ere musulmana sentitzen da. Ezagutu dudan bihotz handienetako bat du Burcuk, eta "bakea" da gehien gustatzen zaion hitza. Atea ireki zidan lehen momentutik ikusi zuen ni "desberdina" nintzela, baina ez zen traba izan familiakoa banintz bezala tratatzeko. Berak erakutsi zidan niri desberdin izateak aberats egiten gaituela. Berak erakutsi zidan niri errespetua guztiaren gainetik dagoela, pertsonak guztiaren gainetik gaudela. Berari esker, zatitxo batean, orain ikusten ditudan bezala ikusten ditut gauzak.
Berriro diot, Burcu musulmana da. Islama du erlijio, baina ez da islamista. Turkian jaio eta bizi da, baina ez da islamista. Kristauek bezalaxe, bere sinismenak ditu, eta besteenak errespetatzen ditu.
Bizitza guztian maiteko dudan pertsona bat da Burcu, maitasunak ez duelako hizkuntzarik, kolorerik, erlijiorik eta banderarik. Maitasunak prestutasuna soilik behar du, emateko prest egotea eta jasotzeko ausardia izatea.
Seni her zaman seveceğim.
Oharra: Testu hau idatzi ostean, berari bidali diot itzulpen erdi-txapuza horietako bat, bere oniritziarekin argitaratzeko. Idazten hasterako bere mezua iritsi zait, atzo eta gaurko erasoen ostean nigan pentsatu duela eta zer moduz nagoen jakin nahi duela esanez.