Atzo hasi zen Espainiako Lehen Mailako futbol denboraldia, eta gaur jokatuko du Realak sasoi berriko lehen partida. Realeko jokalariek Celtaren aurka neurtuko dituzte indarrak gaur, zapatua, Vigon, 18:15ean. Realak dagoeneko osatu du lehen taldea, eta denboraldi honetan bertan ariko da Jon Guridi (Azpeitia, 1995). Denboraldi-aurrea Realarekin egin du azpeitiarrak, baina lesioa tarteko, saio bereziak egin ditu.
Guridiri eskuineko belaundean ebakuntza egin zioten joan zen apirilean, eta errekuperazio prozesuan dabil murgilduta buru-belarri. Ebakuntza egin ziotenean esan zuten, gutxienez, bost hilabete egon beharko zuela futbolean jokatu gabe. Epe horren arabera, irailean itzuliko da futbol zelaietara.
Azpeitiarrak 2016ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian.
Bestalde, joan zen denboraldian aritutako gisan, Realaren talde teknikoan ariko da Mikel Labaka azpeitiarra denboraldi honetan ere.