Euskal kulturari eskutik helduta bizi den pertsona nekaezina da Laxaro Azkune (Azpeitia, 1950). Oñatz auzoan jaioa da, eta harreman estua du jaioterriarekin eta herrigintzarekin. Lotura horiek uztartuta, Sagardoa Azpeitianliburua idatzi du, sagardoak Azpeitiarekin izan duen lotura islatzeko asmoz. Juan Joxe Agirreren argazkiekin osatu dute liburua; “kalitatezko produktu bat” egiteko asmoz, Azpeitian sagardoa egin izan duten eta oraindik egiten duten baserrien eta sagardo ekoizpenaren prozesuaren irudiak jaso dituzte. Azpeitiko Udalean eros daiteke liburua, 5 euroan.
Nola sortu zitzaizuen liburua idazteko ideia?
Sagardo elkarteak aurten 45 urte bete dituela eta, Azpeitiko sagardoaren egiaztapen bat utzi nahi zuten. Gaiari buruzko liburu bat egitea proposatu zidaten. Udalarekin ere hitz egin zuten, eta gustatu zitzaidan ideia. Nire esku egon da liburua antolatzea eta osatzea. Artxiboetara jo dut garai bateko sagardotegien informazioa lortzeko. Horrez gain, Imanol Elias eta Joxe Lizaso izan dira informazio iturriak.
Nolako harremana duzu sagardoarekin?
Gertutik ezagutzen dut sagardoaren kultura, eta gustatzen zait. Irratian lan egin nuenean, sagardoaren inguruko informazioa landu nuen urte askoan. Nire gustuko edaria ere bada sagardoa, eta horrek erraztu egiten du lana. Txikitan, gure baserrian ere egiten zen, eta auzoko baserritar mordo bat pasatzen zen gure baserritik sagardoa egitera. Bakoitzak bere egutegia zuen, eta beraiek ekarritako sagarrarekin egiten zuten gurean edaria. Hala funtzionatzen zuen beste auzoetako baserrietan ere.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.