Uholdea

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2017ko ira. 8a, 18:09

Itota nabil. Estresatuta. Pisu bila, buru-belarri. Ez dakit azken boladan leku turistikoren batean etxerik alokairuan hartu duzuen. Ez oporretarako, bizitzeko baizik. Infernua da. Epe luzean finkatzeko, galbahe zeharo estutik pasa beharra dago: nominak aurkeztu, zerga-aitorpena ere bai, lan-kontratua, abala… zorte pixka batekin, 10 metro koadroko bizitokia lortzeko (ez da zerorik falta, ez). Pariseko kasua da hori, baina beste hainbat lekutan kontua ez omen da samurragoa. Madrilen, esaterako. Edo Ibizan: han, laster, medikurik eta irakaslerik gabe geldituko omen dira etxebizitzen prezioak ordaindu ezin dituztelako. Eskaria sekulakoa da; eskaintza, berriz, urria. Edo ez hain urria: apartamentuak, egon, badaude eta. Turistikoak dira ordea, epe laburrerako eskainiak. Izugarrizko dirutzen truk. Eta, askotan, ilegalak.

Honezkero norbaitek pentsatu du turismoaren aurka hastear naizela. Bada, ez. Ezinezkoa zait, neu ere sarritan turista izaten bainaiz. Gustuko dut kanpora bidaiatzea; gustuko, gurera datozen bisitariak ezagutzea ere. Hainbeste, ezen, duela urte batzuk, lana utzi eta turismo-ikasketak egin nituen. Turismoak halako buruko minik ematen ez zuen garai hartan, turismo iraunkorraren gaia hautatu genuen ikaskide batzuek talde-proiektua egiteko. Bestalde, ikasketen curriculumean minuturik ere ez zitzaion eskaintzen gaiari. Ondoren, turismoari lotutako master bat egin nuen Erroman. Han ere, zetorkigun munstroaren aipamenik ez. Ikasle gutxi batzuek bagenuen sektoreak eragin zitzakeen kalteen inguruan kezka. Dena den, masifikazio egoera hau ez genuen imajinatzen amesgaiztorik txarrenean ere, eta halako ereduek ekologian izan zezaketen eraginak larritzen gintuen. Baina, lasai egon gintezke, jada martxan baita milioika bisitarien kakak erreko dituen erraustegia. Eta gutxi batzuentzako dirua egiten duten makinez ari garela: zergatik ez eraiki beste hogei hotel? Begira dezagun, une batez, Egiptora edo Tunisiara: nora joan da hotelak eta jatetxeak leporaino betetzen zituen turista-jasa? Zer ondorio utzi ditu uholde hark? Urrutira joan gabe, Zestoako hotel zaharren hormetako altxatuek behinola turismoak han izan zuen distiraren hondarrak ageri dituzte. Uholdearen eraginak nonahi.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide