Azken eskoba partida jokatu ginean. Pasara ederra eman hidaan eta nire kontura hartu huan Vold Damm hire garagardo kuttuna. Atzo goizean dei bat jaso nian etxean hire heriotzaren berri emanez. A zer kolpe latza, Takolo! Asteazken gauean prexko prexko utzi eta handik bi egunera hau? Ba al dakik zenbat jende geratu garen hiri aio esan gabe?
Etxe-Zuriko public relations naturalena, atetik sartzen ikusi orduko, joño!, "hemen al haiz?"-ka agurtzen hasten zena, tabernako barrara iristerako "zer hartu ber den?" galdetzen zuena. Berdin zen bakarrik edo lagunduta sartu. Beti hitz goxoren bat ahoan, edo arpa jotzeko gogoz bazan, kristorenak botatzen zituena, baina beti umorez, beti aldarte onean.
Bederatzi urte ba hituan jubilatu hintzeala. Ekainean urtebetetze egunean barre pixka bat egin genian 69 urte bete eta San Pornoren urtean sartu hintzeala eta. Gustora bizi hintzean. Jubilazio egunean egin zitekeen oparirik hoberena egin ziatean hire lankideek. Hire lagunik fidelena izango zen Txomin txakurra, alegia. Hire itzala eta hire bihotz erdia izango zen Txomin. Munduko diru guztiak ordaindu ezin izango zuen laguna. Hortxe biok beti taberna sarrerako txokoan. Hemendik aurrera denontzat "Takolo eta Txomin"-en txokoa izango den txokoan. Zuek bion terreno sakratua izan dena. Txomin lurrean diskrezio osoz bere lagunaren hanka ondoan eta hi aulki gainean telebista aurrean, pelota partidak, pelikulak edo futbol partidak ikusten eta komentatzen.
Asteazkenetan elkartu gaituk biok, barkatu, hirurok Etxe Zurin, gaueko bederatzi eta erdietan eskoban jokatzera. Partida bat, bakarra. Partida olinpikoa, berrogei tantora. Galtzen zuenak tragoa ordaindu behar, nik zerbeza eta hik ebakia edo "reibotxa", hala esaten hioan rooibosari. Baina garagardoa bukatzerako segituan hasten hintzean, "Maite, tonika bat erango den ba?". Ezin egon inbitaziorik luzatu gabe. Halakotxea hintzean da! Eskuzabalagoak gutxi izango dituk! Berriketeroa ere izan haiz bada! Sartzen zena sartzen zela, beti prest jardunerako eta ziria sartzeko. Hortan ere ez haiz makala izan. Eta zer esanik ez mendiaren gaia ateratzen bazen. Mendia, hire bigarren aberria (edo lehena). Hire ibilerak, abenturak eta kalenturak hire anaia maitea huen beste Takolorekin. Ezin bukatu gai horrekin hasten hintzeanean.
Ai Takolo! Ez dakik ondo zer zulo utzi behar duan. Niri, behintzat, asteazken gaueko plana izorratu didak, eta nire inguruko beste batzuri ordu txikitako tertulia eta tragoak eta oraindik gogorragoa egingo zaiguna, hire presentzia eta Txominena. Orain hagoan tokian hagoala gauza bat argi diat: leku horretan txakurrik ezin bada sartu berehala alde egingo duala beste nonbaitera hire zeru partikular horretan, ezingo duk eta hire burua ikusi Txomin hire lagunik gabe.
Guretzat ere ez duk erraza izango munduan dugun tokitxo hau hi gabe imajinatzea. Eskerrik asko, Takolo, eman diguan guztiagatik.
Hurrengo tragoa hire izenean.
Aio, Takolo!