Azoka Herritik egitasmoaren barruan, jantoki begetarianoa eta antzerki foroa izango dira ostiralean, Gaztetxean. Afaltzera gerturatu nahi dutenek, 20:30ean dute hitzordua. Menua honakoa izango da: berenjena patea, etxeko salmorejoa, kalabazin tailarinak kurry saltsaz eta arroz basmatiarekin, eta postre sorpresa.
Sabelak bete ostean, Arremanitz kooperatibak prestatutako Alu Ulu antzerki foroak hartuko du Gaztetxeko oholtza. Hainbat eduki lantzen ditu antzerki foroak umorea klabean, hala nola emakumeen sexualitatea, harremanak, edertasun ereduaren inguruko gogoeta eta masturbazioa. Haizea Egigurenek egiten ditu aktore lanak, eta Saioa izeneko neska bat hezurmamitzen du bakarrizketa formatuko antzezlanean. Saioak bikote aholkularitzako itxarongela batean egiten dituen hausnarketak azaltzen dira obran.