Kataluniako gizarteari babesa adierazteko unea da hau, ausardiaz ari direlako beraien bidea egiten eta herritarrak erdigunean jarrita begiratzen diotelako etorkizunari. Ikasgai bat da Kataluniako prozesua Euskal Herriarentzat, eta oso argi dugu haien ondoan egon behar dugula, independentziara hurbiltzen dituen eta gaituen bide horretan.
Frankismoak 'lotuta eta ondo lotuta' utzi zuen guztia, eta 1978ko erregimena horrela sortu zen, frankismoan ardura zuzenak izan zituzten militarren itzalpean. 40 urtean asko aldatu da jendartea, eta ez da zilegi frankismoaren itzalpean orduan onartutako legeak hartzea oinarritzat.
Espainiako legedia iragana da. Frankismoa. Jazarpena. Errepresioa. Inork hautatu ez duen monarkia. Oinarrizko eskubideak zapaltzen dituena. Kataluniako legedia, berriz, etorkizuna da. Demokrazia. Herritarrei hitza ematea. Denen eskubideak bermatu nahi dituen errepublika demokratikoa eta sozialagoa.
Demokrazia kontua ez ezik, bi ereduren arteko talka ere bada, eta EH Bildutik oso argi daukagu bi horien artean zein den hobesten eta babesten duguna.
Espainiako legediaren alde agertzea frankismoaren itzala luzatzea da. Kataluniari babesa adieraztea, une hauetan, askatasunaren alde egitea da.