Nolatan otu zitzaizun halako esperimentua egitea?
Gazteagoak ginela, aurreneko parrandetan-eta, Txarrantxa zabalik zegoen garaian, musika 'makarra' entzuten hasi ginen, eta orduz geroztik beti entzun izan ditugu punk-oi doinuak. Urteek aurrera egin ahala, musika elektronikoa entzuten hasi ginen, baina sekula ez diogu utzi 'makarrismoa' entzuteari. Horregatik, gehien gustatzen zaizkidan bi musika estiloak hartzea eta elkarrekin nahastea pentsatu nuen. Horren emaitza dira egindako sei abestiak. Aurrena, kantu batekin egin nuen proba, eta nahasketa egitea posible zela ikusita, jarraitzea erabaki nuen.
Zein ezaugarri ditu sortu berri duzun musika estiloak?
Abestien oinarria tekno elektronikoa da, eta kantatzeko modua punk-oi doinuena. Ahotsaren melodia punkia da. Ez dut aurrez halakorik entzun, eta horregatik uste dut berritzailea dela. Ziur nonbaiten badela nik izan dudan harrikada bera izan duen pertsonarik, baina nik, behintzat, ez dut ezagutzen.
Zein talderen kantuak moldatu dituzu? Zer dela eta?
La Pollaren bi abesti moldatu ditut, Hell Beer Boysen bat, Habeas Corpusen bat eta Animales Muertosen beste bat. Horiez gain, Non Serviumek bertsionatutako Vomito taldearen kantu bat ere moldatu dut. Entzuten ditudan taldeak dira guztiak, eta nahasketen mundu honetan izugarrizko esperientzia ez dudanez, moldaketak egiteko kantu sinpleak edo melodikoak nahi nituen. Bestalde, jendeak ezagutuko zituen abestiak izatea ere nahi nuen.
Maketa grabatzeko garaian izan al duzu kolaboraziorik?
Anaiak, kuadrillako lagun batek eta beste pare bat kuadrilletako lagunek kolaboratu dute ahotsen grabaketan. Saiatu naiz inguru ezberdinetako lagunak kontuan hartzen. Izan ere, noizbait kontzerturen bat ematen badut, kolaboratu duten lagunei oholtzara igotzeko eskatuko diet, eta horrela jende gehiago hurbilduko da. Hori da asmoa, behintzat, kar, kar, kar.
Non grabatu duzu maketa, eta zenbat denbora eman duzu horretan?
Zubizarren egin ditut grabaketak, udan. Aurrena, abestien akordeak atera ditut, ondoren gitarraz jotzeko. Horretan anaiak lagundu dit, ni baino belarri hobea duelako. Behin kantua gitarraz jotzen jakinda, oinarri hori elektroniko bihurtu dut programa informatiko batera pasata. Azken pausoa ahotsak grabatzea izan da, eta hori Zubizarren egin dugu. Aurreneko abestia egiten eman nuen denbora gehien, 10 ordu inguru; orduan hasiberria nintzen, eta gehiago kostatzen zitzaidan. Azken abestia, berriz, 5 ordutan bukatu nuen.
Ingurukoek nola hartu dute proiektu berria?
Hasieran barre egin zuten. Abestiak publiko egitea pentsatu nuenean edo aurrera begira ditudan asmoez hitz egitean, "eskuetatik alde egiten ari zaik!" eta horrelakoak entzun behar izan ditut, kar, kar, kar. Baina orain, nahiko emaitza polita irten dela ikusi dute, eta errespetua irabazi dut.
Zer dela eta Pellanbre izena?
Neuk ere ez dakit oso ondo nondik datorren. Uste dut kuadrillakoren batek jarri zidala ezizena. Duela urte batzuk, musika elektronikoaren munduan saltseatzen hasi nintzenean, pare bat abesti egin nituen, eta Pellambre Music izenpean igo nituen sarera. Orain izen berarekin jarraitu dut. Pellotik datorren ezizen arraro bat gehiago besterik ez da, kar, kar, kar.
Aurrera begira jarrita...
Kantuak Interneten jarriko ditut entzungai. Abesti bat hartu, eta bideoklipa egitea gustatuko litzaidake. Ez da zaila gaur egun bideoklip bat egitea, gero eta kamera hobeak baitaude inguruan. Kontzerturen bat edo beste ere emango nuke. Disko fisikoari dagokionez, momentuz ez dut halakorik ateratzea pentsatu. Egitekotan, neuk CD hutsak erosi, horiek grabatu eta jendeari oparitzeko aterako nituzte, kontzertu amaieran botatzeko eta.