Plazatik Annapurnaraino, Azoka Herritik

Uztarria.eus 2017ko ira. 16a, 16:22

Azoka Herritik egitasmoaren egun nagusiak bete du lehen txanpa. Bosgarren edizio honetan, herriko plaza eta Berdura plaza inoiz baino ardatzago bihurtu dira, prestatutako egitaraua ia osorik gune horietan gauzatuko baita. Zapatu goizean, iragarrita zegoena baino hobea izan da azkenean eguraldia eta, euria azkenean agertu arren, giro eguzkitsuaz gozatzeko aukera izan dute plazan elkartu direnek. Herriko eragileen eta artisauen postuak eta bigarren eskuko azokarenak hartu dute plaza, eta Berdura plazan jarri dituzte beren saltokiak baserritarrek.

Sanagustinpean, berriz, jarri du estudioa aurten ere Azpeitiko Argazki Elkarteak. Annapurna mendiaren irudi ikusgarri baten aurrean argazkiak egiteko aukera izan dute hara inguratu diren guztiek. Annapurna, izan ere, oso presente dago aurten Azoka Herritiken. Eguerdian aurkeztu dute Sanagustinen 1986an Azpeititik Annapurnara egin zuten espedizioaren dokumentala berreskuratzeko eta berria egiteko finantzaketa kolektibo kanpaina; han egon dira espedizio hartan parte hartu zutenak eta hildako kideen senitartekoak, kanpaina bultzatzen lagun dituztenekin batera. Besteak beste, diru-ekarpenak egiteko jarri dituzten bideak azaldu dituzte, eta horretarako atera dituzten kamisetak eta abarrak salgai jarri dituzte gaur bertan, Sanagustinpean.

Eguerdi partean atsedenerako tartea hartuta, 16:00etatik aurrera jarraituko du bere bidea Azoka Herritiken egitarauak, hitzordu hauekin:

  • 16:00-19:00: Kirolen Txokoa, Frontoi Txikian. Emakume pilotariak, Gizonezkoen pilota partidua eta Xaputarrak xake taldea.
  • 16:00: Astisauak, plaza nagusian.
  • 16:30: Mandala erraldoia, plaza nagusian.
  • 19:00: Musika eskola eta dantzak, plaza nagusian.
  • 23:00: Arkupehotsak egitasmoaren lehenengo kontzertuak, Sanagustin Kulturgunean. 

Irailak 17, igandea.

  • 19:30: Mateo Txistu filmaren emanaldia eta solasaldia, Soreasu antzokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide