Azpeitiko Gure Esku Dagok elkarlanerako deia egin die herriko alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei "Kataluniako herria bizitzen ari den une historiko honetan". Guztira, herriko zortzi eragilek egin dute bat Kataluniari babesa erakusteko eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidea aldarritzeko: Gure Esku Dagok, LABek, ELAk, EH Bilduk, EHNEk, Elkar-ekinek, Ernaik eta Napar Zuzterrak taldeak.
Zortzi eragileek sinatu duten testuan adierazi dute, Kataluniako herriak bere etorkizun politikoa autodeterminazioaren bidez erabakitzeko eskubidea duela, eta katalanei soilik dagokiela erabakitzea zer nolako harreman politikoa mantendu nahi duten estatu espainiarrarekin. "Gatazka politikoak konpontzeko biderik eraginkorrena prozedura demokratikoen erabileran datza. Beraz, Kataluniako eskaera politikoak erreferendum demokratiko eta lotesle baten bidez bideratu behar dira, katalanek -mugarik gabe- berezko Estatu independentea ala estatu espainiarrean jarraitzea nahi duten erabaki dezaten", adierazi dute bat egin duten eragileek.
Era berean, Gobernu espainiarraren "mehatxuak arbuiatzen" dituztela eta Kataluniaren autogobernuaren aurkako "eraso oro tinko errefusatzen" dutela azpimarratu dute: "Demokrazian sakontzeko eskaerari ezin zaio
erantzun eskubide demokratikoak murriztuz".
Kataluniak bere etorkizun politikoa hautatzeko duen autodeterminazio-eskubidea Euskal Herriarentzat ere aldarrikatu dute, eta keinu egin diote iazko ekainean Hitzartuk Azpeitian egin zuten herri galdeketari: "Ezin dugu ahaztu, Azpeitian, adibidez, 2016ko ekainaren 5ean herritarren %39,37k bozkatu zuela; 4.781 lagunek hain zuzen ere, eta horietako 4.524ek baietz esan ziotela euskal estatu independenteari".
"Kataluniar herria bizitzen ari den salbuespen egoera kontutan izanda", herritarrei dei egin diete datorren ostegunean, hilaren 28an, egingo duten elkarretaratzean har har dezaten. Plazan jarri dute hitzordua, 19:00etan. Horrez gain, herritarrak animatu nahi dituzte urriaren 1ari begira estelada nahiz ikurrina etxeko balkoietan jartzera.