Basanderiek Emakume Gazteen Asanbladak eta Emakumeen Mahaiak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur, astelehena, emakumeenganako indarkeriarekin bukatzea eskatzeko. Hain zuzen, Euskal Herrian azken asteetan jazotako gertakari matxistak salatzeko irtengo dira plazara, 19:00etan.
Joan den astean emakume bat hil zuen haren bikotekideak Sestaon. Duela bi aste, berriz, bortxatuak izan zirela salatu zuten Gasteizen hiru emakumek. Bi gertakari horiek eta emakumei egindako eraso oro salatzeko deitu dute elkarretaratzea.
Kontzentrazioaren deitzaileek esan dutenez, "emakume izatea oraindik ere gainean eraman beharreko arriskua da", eta "nazkatuta" daude "teorian" herritarrak babestu behar dituzten erakundeen "babes urriaz", "nazkatuta eraso hauek legitimizatzen dituzten genero rolekin". Horregatik, dei egin diete herritarrei gaurko elkarretaratzera batu daitezen, "sistema heteropatriarkal ustelarekin" amaitzea eskatzeko eta azken eraso matxistak salatzeko.