Iriartek eta Alberdik hitzordu garrantzitsua dute zapatuan, Txikuri pilotalekuan

Uztarria.eus 2017ko urr. 3a, 16:30

Ezkerretik eskubira, Alberdi, Egiguren, Unanue eta Iriarte.

XXVI. Bankoa Credit Agricole DV txapelketaren kanporaketa jokatuko dute bi azpeitiarrek, 17:30ean hasita. Gorka Iriarte promesen mailan lehiatuko da, eta Jon Alberdi senior mailan. Guztira, 64 pelotari deitu dituzte txapelketara, eta Ilunpetik adierazi dutenez, sariketa "maila handikoa eta garrantzitsua" da. Julen Egiguren ere ari da parte hartzen txapelketan, eta aurreneko kanporaketa irabazita, aurrera jarraitzen du sariketan.

Datorren zapatuan, urriaren 7an, Urrestillako Txikuri pilotalekura iritsiko da XXVI. Bankoa Credit Agricole DV txapelketa, eta bertan lehian ariko dira Gorka Iriarte eta Jon Alberdi azpeitiar pilotariak. Guztira, 64 pelotari deitu dituzte sariketara, bi mailetan banatuta: promesen mailan eta senior mailan.

Iriartek promesen mailan jokatuko du zapatuan, Cordon pelotariarekin batera. Parez pare izango dituzte Goikoetxea eta Elizegi. Alberdik, aldiz, senior mailan jokatuko du. Azpeitiarra Olaizola III lesakarrarekin ariko da, Adonisen eta Mariezkurrenaren aurka. 

Ilunpe Pilota Elkartetik adierazi dutenez, "txapelketa garrantzitsua da zapatukoa, maila handikoa". Hasiera batean, txapelketa Izarraitz pilotalekuan egitea aurreikusten bazuten ere, azkenean Txikuri Pilotalekuan egitea adostu dute antolatzaileek. Aurreneko partida promesen mailakoa izango da, 17:30ean hasita.

Julen Egiguren ere ari da parte hartzen txapelketan, eta aurreneko kanporaketa irabazita, aurrera jarraitzen du sariketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide