Kataluniako erreferendumaren aldeko eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatzeko mozioa onartu du Udalak aho batez

Uztarria.eus 2017ko urr. 4a, 12:27

Atzoko udalbatzarreko irudia. (Azpeitiko Udala)

EH Bilduk eta EAJk Kataluniari buruzko mozioa onartu zuten atzoko udalbatzarrean aho batez. Udaleko bi alderdiek Espainiako Gobernuak indar polizialen bidez Kataluniako herria zapaltzeko, beldurtzeko eta isiltzeko erabilitako "errepresioa" salatu dute. Bestalde, "zorionak" eman dizkiete "irmo eta probokazioetan erori gabe" botoa eman zuten hiru milioi kataluniarrei.

Atzo, asteartea, urriko ohiko udalbatzarra egin zuten udal ordezkariek, eta plenoaren bukaeran, Kataluniako autodeterminazio erreferendumaren aldeko mozioa aho batez onartu zuten udalean ordezkaritza duten EH Bilduk eta EAJk.

Espainiako Gobernuak indar polizialen bidez Kataluniako herria zapaltzeko, beldurtzeko eta isiltzeko erabilitako "errepresioa" salatu dute, eta indarkeria bidez boto eskubidea urratzeko egindako ahalegina gaitzetsi dute. Haien ustez, demokrazian sakontzeko eskaerari ezin zaio erantzun eskubide demokratikoak deuseztatuta. Horregatik, herritarrei dei egin diete antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera.

Bestalde, "zorionak" eman dizkiete "irmo eta probokazioetan erori gabe" botoa eman zuten hiru milioi kataluniarrei. Kataluniak bere etorkizun politikoa autodeterminazioz erabakitzeko eskubidea duela berretsi dute EAJk eta EH Bilduk, eta esan dute kataluniarrei soilik dagokiela Espainiako estatuarekin zer nolako harreman politikoa mantendu nahi duten erabakitzea. Horrez gain, kataluniarrek urriaren 1ean hartutako erabakia errespetatzen eta aitortzen dutela esan dute. "Hemendik aurrera hartzen duten bideari zilegitasun osoa aitortzen diogu. Gainerako erakundeei ere beste horrenbeste egitea eskatzen diegu".

Euskal Herriko erakundeei Katalunian hasitako ibilbideari "sostengu osoa" ematea eskatu diote, eta Kataluniak bere etorkizuna aldarrikatzen duen gisan, Euskal Herriarentzat ere "aldarrikatzea eta defendatzea" galdegin dute.

Hona hemen, Gure Esku Dagok proposatu eta EH Bilduk eta EAJk onartu duten mozioa:

"Azpeitiko Udalean ordezkaritza dugun alderdi politikook, Kataluniako Herria bizitzen ari den une historiko honetan zera adierazi nahi dugu.

  • Igandean Espainiako Gobernuak indar polizialen bidez Kataluniako herria zapaldu, beldurtu eta isiltzeko erabilitako errepresioa salatzen dugu eta indarkeria bidez boto eskubidea urratzeko egindako ahalegina guztiz gaitzesten. Demokrazian sakontzeko eskaerari ezin zaio erantzun eskubide demokratikoak deuseztuta. Hori horrela izanda, herritarrei dei egiten diegu salaketa hori plazaratzeko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera.
  • Eraso guztien gainetik irmo eta probokazioetan erori gabe botoa eman zuten ia hiru milioi kataluniarrei zorionik beroenak eman nahi dizkiegu, eta erreferenduma egitea ahalbidetu duten eragile zein erakunde guztiei gure babesa eskaini nahi diegu.
  • Herri katalanak bere etorkizun politikoa autodeterminazio bidez erabakitzeko eskubidea duela berresten dugu, eta katalanei soilik dagokiela erabakitzea zer nolako harreman politikoa mantedu nahi duten Espainiako Estatuarekin. Urriaren 1ean kataluniarrek hartutako erabakia errespetatu eta aitortzen dugu, eta hemendik aurrera hartzen duten bideari zilegitasun osoa aitortzen diogu. Gainerako erakundeei ere beste horrenbeste egitea eskatzen diegu.
  • Euskal Herriko agintariei eta gure herriko bi parlamentuei Kataluniako Gobernuari eta erakundeei haiek hasitako ibilbideari sostengu osoa ematea eskatzen diegu. Era berean, Kataluniak bere etorkizuna aldarrikatzen duen bezala Euskal Herriarentzat ere aldarrikatzea eta defendatzea eskatzen diegu."

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide